NAIZ

Scientia Karmeloko lehen greba egunak «erabateko jarraipena» izan duela jakinarazi du ELAk

Donostiako Scientia Karmelo Ikastetxeko lehen greba egunak «erabateko jarraipena» izan duela jakinarazi du ELAk. Lakuako Gobernuaren atarian elkartu dira, «Hezkuntza Sailak zenbait enpresak itunpeko hezkuntzarekin negozioa egitea posible egin» duela salatzeko. Beste bost greba egun dituzte deituta.

Scientia Karmelo ikastetxeko langileen elkarretaratzea, Lakuako Gobernuak Donostian duen egoitzaren aitzinean, astearte honetan.
Scientia Karmelo ikastetxeko langileen elkarretaratzea, Lakuako Gobernuak Donostian duen egoitzaren aitzinean, astearte honetan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostiako Scientia Karmelo ikastetxeko langileek lehen greba eguna dute astearte honetan. Bertako 42 lanpostuak eta lan baldintzak defendatzea da helburua, Scientia School enpresak ikastetxea, eraikina barne, erosi baitzuen orain bost urte, eta ikasturte honen amaieran itxiko duela iragarri du, salatu dutenez, «bertako langileentzat inolako irtenbiderik planteatu gabe eta beharrezkoa den informazio eta dokumentazioa langileen ordezkariekin partekatu gabe».

ELA sindikatuak protestaren jarraipenaren balorazio «oso positiboa» egin du, eta nabarmendu du gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izanagatik ere, aukera izan duten langile guztiek bat egin dutela grebarekin.

Lehen egunean, Lakuako Gobernuaren eta Hezkuntza Sailaren ardura azpimarratu dute langileek. Horregatik egin dute kontzentrazioa Donostiako Andia kaleako egoitzaren aurrean. Bertan, langileen ordezkariek Hezkuntza Sailari bilera eskaera bat helarazi diote, eta auzi honetan duten erantzukizuna oroitarazi. Izan ere, Itundutako hezkuntzako ikastetxea da Karmelo eta, ondorioz, Hezkuntza Sailaren funts publikoen bidez finantzatuta dago.

Elkarretaratzean langileek gaitzetsi dute administrazioak «erabat ahalbideratu duela irakaskuntzarekin zerikusirik ez duten enpresak sartzea hezkuntza sisteman». Are gehiago, «Scientia School bezalako enpresek funts publikoak jaso dituzte inolako bermerik gabe». Era berean, beste erakundeei eta patronalari begiratu diete, «kutsu urbanistiko eta inmobiliarioa duten negoziazioak saihesteko ardura baitute».

Beste bost greba egun

Beste bost greba egun deitu dituzte: asteazken eta ostegun honetan, eta datorren astean maiatzaren 14, 15 eta 16an.

Asteazken honetan, langileek elkarretaratzea egingo dute ikastetxearen atarian, 11.00etan. Eta ostegunean, euren aldarriak Udalari zuzenduko dizkiote, 11.00etan bertatik abiatuko den manifestazioarekin.