NAIZ Irratia

NAIZ Irratiak zuzenean emango du Itzulia

Ostiral honetan abiatuko da Itzulia Gasteiztik, eta igandean Donostian amaituko da. Etapa guztiak jarraituko ditu NAIZ Irratiak, eguerdiko 12.00etatik 14.00etara. Bertan izango dira World Tourreko txirrindulari indartsuenak: Marlen Reusser (SD Worx) iazko irabazlea, besteak beste.

Iazko Itzuliko bigarren etapa Gasteiz eta Amurrio artean, irudian, Demi Vollering.
Iazko Itzuliko bigarren etapa Gasteiz eta Amurrio artean, irudian, Demi Vollering. (Marisol RAMIREZ)

Iritsi da Itzulia Women lasterketako hirugarren edizioa, txirrindularitzaren hitzordu garrantzitsuenetako bat. Ostiral honetan abiatuko da Itzulia Gasteiztik, eta bertan izango dira World Tour mailako talderik indartsuenak, baita txirrindulari indartsuenetarikoak ere: Marlen Reusser (SD Worx) iazko irabazlea, Demi Vollering (SD Word), Katarzyna Niewiadoma (Canyon) eta Juliette Labous (DSM), besteak beste. Tartean, Ane Santesteban Laboral Kutxako txirrindularia. Usoa Ostolaza eta Lourdes Oyarbide izango dira lasterketan parte hartuko duten gainerako euskaldunak, Laboral Kutxa bertako taldea ordezkatuz.

NAIZ Irratian zuzenean eskainiko dizuegu, eta horretarako lan talde zabala osatu dugu: Iñigo Asensio eta Julen Goikoetxeak gidatuko dute saioa, Zuriñe Iglesias errepidean egongo da lasterketa bertatik bertara jarraitzen, eta aditu taldea osatuko dute Ainhoa Artolazabal, Aitor Ayerza eta beste zenbait kolaboratzailek.

Itzulia inoiz menditsuena izango da, bederatzi mendate puntuagarriekin. Ohi bezala, azken etapak, igandekoak, Donostiako Klasikoaren ibilbide bera izango du (114,9 km). Gainontzeko bi etapak, berriz, Gasteiz-Elgoibar (140 km), eta Basauri-Basauri (104 km) izango dira.

Lehen etapa, ostiralekoa, goizeko 9.30etan hasiko da, Gasteiztik. Bigarrena, Basauritik, 10.45ean eta azkena, erabakigarriena, Donostiakoa, 10.02ean.