Udalerri Euskaldunen Eguna Lesakan ospatuko da heldu den maiatzaren 18an, larunbatarekin. Bi urtetik behin izaten den besta bertan egitea proposatu ziotenean izugarrizko poza hartu zuen Udalak, eta berehala hasi zen egitarau oparo bat prestatzeko lanean, herriko talde eta eragile ugarirekin batera. Asteazken honetan aurkeztu dute emaitza, Herriko Etxean.
Martin Aramendi UEMAko lehendakaria hasi da, azalduz gaur egun Euskal Herriaren luze-zabalean 175 udalerri euskaldun direla (biztanleen %70etik gora euskaldunak dituztenak). Horietatik 111 izanen dira UEMAko kide maiatzaren 18an, Lakuntza, Bakaiku, Ituren eta Zegama batuta, 346.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz. Baina jaia denena dela azpimarratu du. «Denei egiten diegu dei Lesakara etortzeko, eta kide izan nahi badute ere, beso zabalik hartuko ditugu».
Udalerri euskaldunak «gure herriaren orube nagusiak» direla nabarmendu du Aramendik. Bestaren leloak ere horri egiten dio erreferentzia: ‘Zubiak zeharka’. Udalerri Euskaldunen Eguna bera ere zubia da, UEMA bezala. «Hanka bat euskalgintzan eta bestea erakunde publikoetan ari gara lanean».
UEMAko lehendakariak lesakarrak eskertu ditu «hasieratik erakutsitako erabateko inplikazioagatik».
Herri ekimena
Ildo horretatik, Eneko Fernandez Lesakako Udaleko Euskara zinegotziak adierazi du harro daudela «lesakarren izaeraren eta nortasunaren ezaugarri nagusienetakoa euskara izateaz» eta hasieratik izan dutela argi ekimen honek herriarena izan behar zuela. Herritarrei eta eragileei dei egin zieten eguna auzolanean antolatzeko, eta «bikain» erantzun zuten. «Kasik egitarau osoaren oinarria herritarrak dira».
Antolakuntza batzordean parte hartu duten talde eta elkarteen izenean, Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduko Aitor Iratzokik maiatzaren 18ko egitaraua plazaratu du.
Egun osora zabalduko da, 9.45eko soinulari eta txistularien dianatik hasi eta 23.30eko Fifi & Fefaren DJ festaraino. Adin guztietako jendeari zuzendua egonen da, eta hausnarketa eta ospakizuna uztartuko ditu. 10.00etan UEMAren batzar nagusia eginen da, eta 12.30ean ekitaldia. Jarraian fanfarrea izanen da Musika Eskolako ikasleekin, Bidenabar taldeak girotutako bazkaria, bertso-triki poteoa Maddi Ane Txoperena eta Josu Sanjurjorekin, Larrain dantza herrikoia gaiteroekin eta Trikidantzen erromeria.
Bazkarirako txartelak aldez aurretik erosi behar dira. Uema.eus webgunean eta Lesakako hainbat lekutan eskura daitezke.
Euskararen olatua sortzeko gakoak
Euskara taldeen topaketari garrantzia berezia eman nahi diote. Oldarraldiaren aitzineko erantzun irmo eta zabala, ‘Bizkarsoro’ filmaren inguruan sortutako harrotasuna, Azterketak Euskaraz mugimenduaren lorpenak eta mobilizazioak, Aldatu Gidoiarenak... Segurtatu dutenez, bada gogo bat, eta maiatzaren 18 goizeko tailerra euskararen olatu hori sortzeko gakoak aztertzeko baliatuko dute.
Kantua eta bideoklipa
Bestaren inguruan kantua eta bideoklipa ere sortu dute lesakarrek, ‘Solasa izan’. Arranoband-en lehendabiziko abestia da, gainera, Itziar Telletxea bertako kideak erran duenez. Bera da letren egilea Ekhiñe Zapiainekin batera, baita abeslaria ere. Mikel Leizak egin du bideoa.
«Modu hagitz herrikoian sortu ditugu bai abestia bai bideoklipa. Arranoband ere hala sortu zen, herritik herrira bideratua. Emaitzarekin kontent gaude».
Kontatu duenez, ideia batek ekarri zuen, gero bertzeak moldatu, eta letra egin zutenean doinua aldatzen joan zen eskutik eskura. «Solasa bada izatea ta jendea euskara.../ Lurrari hitza emateko herria gara», dio estribilloak. «Euskara komunikatzeko modu bat baino gehiago da guretzat; izate oso bat. Harreman batekin, gorputzarekin konparatzen dugu aunitz, izate batekin», adierazi du Telletxeak.
Tradizionala eta folklorikoa gelditu zaie, eta bideoklipeko dantzari, musikari eta parajeekin herri nortasun hori ikusten da.
Aitortza Euskal Herrian Euskaraz taldeari
Udalerri Euskaldunen Egunean, Euskal Herrian Euskaraz taldea omenduko dute ekitaldi instituzionalean. Izan ere, EHE sortzeko lehen bilerak Lesakan egin zituzten, eta hasierako talde sortzaile hartako kide ziren Kontxi Erro eta Antton Erkizia lesakarrak. Horien eta talde sortzaile osoaren lana aitortuko dute, EHEk urte aunitzean egin duen ekarpenarekin batera.