Ion Salgado

Udalak Gasteiz Antzokia «lehenbailehen» martxan jar dezan exijitu dute: «Denok behar dugu»

Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataformak ekimenak eta mobilizazioak iragarri ditu Udalak proiektua «lehenbailehen» martxan jar dezala exijitzeko. «Gasteiz Antzokia behar dugu, euskarak behar du, aisiak behar du, kulturak behar du, hiritar guztiok, euskaldunak izan hala ez, behar dugu. Bada garaia».

Gasteizko Antzokiaren aldeko plataformaren agerraldia
Gasteizko Antzokiaren aldeko plataformaren agerraldia (Raul BOGAJO | FOKU)

Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataformak ekimenak eta mobilizazioak antolatuko ditu Ruiz de Bergara Jauregian aurreikusita dagoen proiektua martxan jar dadila aldarrikatzeko.

«Gasteiz Antzokia behar dugu, euskarak behar du, aisiak behar du, kulturak behar du, hiritar guztiok, euskadunak izan hala ez, behar dugu. Bada garaia Gasteiz Antzokia martxan jartzeko», adierazi dute agerraldi batean Txema Ramirez de la Piscina eta Aiala Zaldibarrek.

Gogoratu dutenez, Gasteiz Antzokia, Izaskun Arrue Kulturgunea izena daraman proiektua, prest dago. 2022ko irailaz geroztik amaituta dago. Baina Udal Gobernuak ez du ireki, eta «hori erabat onartezina da».

Aitzakia burokratikoak izan omen direla dio Udalak, Lazarraga Elkarearen aurka jo duen erakundeak. «Udalak bete ez dituen konpromisoen eta ondorioen ardura Lazarraga Elkartearen bizkar gainean ipini nahi izatea erabat bidegabea da. Ez dugu inolaz ere ulertzen», nabarmendu dute, elkarte honek Oihaneder Euskararen Etxean 2015 eta 2022 bitartean egindako lana goraipatuz.

«900 kultur jardueratik gora egin ziren, sormen faktoria oparoa izan zen eta 67.000 pertsona inguruk hartu zuten parte. Horixe bera da orain Gasteizek galtzen duen guztia», ohartarazi dute, eta euskalgintzaren sektoreak dena eman duela azpimarratu: «Lana jarri du, gogoa jarri du, kemena jarri du eta orain egoera honetan egotea benetan erabat ulertezina da».

«Horregatik ozen salatu nahi dugu ez gaudela prest egoera hau onartzeko eta Udalaren utzikeria ozenki salatu nahi dugu», esan dute hurrengo asteetan abian jarriko diren ekimenak aurkeztu baino lehen.

Hasteko, elkarrizketak egingo dituzte talde politiko guztiekin, Udalbatzan mozio bat aurkeztuko dute eta sarean jadanik abian den sinadura bilketari berriro ekingo diote. «Horrez gain aldiro ekintza berrien berri ere emango dugu», adierazi dute eta arazoa Udal Gobernuak sortu duela argi utzi nahi izan dute.  «Eta beraz Udalak konpondu behar du».