Euskadiko Parke Teknologikoaren urteko jardueraren txostenean jasotzen denez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden sei campusetan 660 enpresa zientifiko-teknologiko daude, eta guztien artean 23.032 langile biltzen dituzte. Iaz 7.381 milioi euro fakturatu zituzten, aurreko urtean baino 900 milioi gehiago. I+Gan 660 milioi euroko gastua izan zen guztien artean.
Zifra horiek erakusten dute Parke Teknologikoaren hedapen prozesuak jarraitzen duela eta «zientziaren eta teknologiaren euskal ekosistemaren abangoardian duen lekua sendotzen dute», txostenean nabarmendu dutenez.
Azaldu dutenez, emakumeen presentziak gora egiten jarraitzen du arlo guztietan. Hala, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen %65ek Berdintasun Plana du, eta horrek «bultzada argia ematen dio Parke Teknologikoak arlo horretan duen apustu estrategikoari».
Enpresen plantilletan 1.275 profesional sartu ziren iaz, aurreko urtean baino %5,8 gehiago, gehienak kualifikazio handiko lanei lotuak.
Soilik enpresen %22 emakumeen esku
Langileei dagokienez, hazkunderik handiena Lanbide Heziketako (LH) titulazioa dutenen artean izan da (%14ko igoera); izan ere, LHko titulazioa duten ia 6.000 profesional daude, eta unibertsitate titulazioa dutenak, berriz, 12.600 dira. Doktoregoa (2.044) eta beste titulazio batzuk (2.352) dituzten pertsonak dira plantillak osatzen dituzten gainerakoak.
I+G alorrean gero eta profesional gehiago ari dira I+Gn (langileen %30), eta plantillak gaztetzeko prozesuak aurrera darrai: langile berrien erdia baino gehiago 30 urtetik beherakoak ziren 2023an. Kolektibo hori 4.300 pertsonak osatzen dute gaur egun.
Generoaren arabera, gizonezkoek emakumezkoek baino presentzia handiagoa izaten jarraitzen dute: gizonezkoak langileen %60 dira, eta emakumezkoak, berriz, %40. Parkean dauden 660 enpresetatik 145, hau da, enpresa guztien %22, emakumeek zuzentzen dituzte.
Jarduera sektoreei dagokienez, Biozientziak lehen lekuan jarri dira enpresa kopuruari dagokionez (127), IKTen gainetik (126). Hala ere, sektore horrek jarraitzen du zerrendaren buru langile kopuruari (5.186 langile) eta fakturazioari (2.182 milioi euro) dagokienez. I+Gren eremua da profesional gehien dituen bigarrena (4.221), eta aeronautikaren sektorea fakturazioari dagokionez bigarren zifra handiena duena (2.084 milioi euro).
Beste sektore garrantzitsu batzuk hauek dira: Energia eta Ingurumena, 12 konpainia gehiagorekin, enpresa kopuruari dagokionez gehien hazi dena; Elektronika, 2.334 langilerekin 1.085 milioi euro fakturatu ditu; eta Ingeniaritza, 2.364 langile eta 443 milioi euroko fakturazioarekin.