Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskara eta euskaldunak ez hiltzeko: transmisioa

‘Sasi guztien artetik’ hitzaldian sasietan barna ibili, arantzak sentitu eta larrea garbitu nahian ibili ziren Josu Martinez eta Xabier Irujo.Euskal kulturaren transmisioaren larrean sartu ziren, zein estrategia erabili izan dituzten euskaldunak zapaltzeko eta zein bide zabaldu daitezkeen aztertuz.

Eskoriatzako campusean antolatu zuten «Sasi guztien artetik» jardunaldian, Josu Martinez hitzaldia ematen.
Eskoriatzako campusean antolatu zuten «Sasi guztien artetik» jardunaldian, Josu Martinez hitzaldia ematen. (Raul Bogajo)

Euskal kulturaren transmisioak eta kultur politikek kezka sortzen dute Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako campusean. Gai horri heltzeko sortu zuten Euskal Kulturaren Eragiletza masterra, eta horri tiraka antolatu zituzten ’Sasi guztien artetik’ jardunaldiak. Josu Martinez ’Bizkarsoro’ filmaren zuzendariak eta Xabier Irujo historialariak hartu zuten hitza, hizkuntza bat nola hiltzen den aztertu eta transmisiorako bideak topatzeko.

Martinezek, bere zinemagile ibilbidean, «existitzen ez den herri horretako kide ikusezinak» azaleratu nahi izan dituela esan zuen, eta bide horretatik sortu zela ‘Bizkarsoro’. Bost urteko prozesua izan da, eta abiapuntua hau izan zen: «Euskararen jendearen ‘Novecento’ bat behar dugu». Fikzio dokumentala izan behar zuela hasieratik zuen argi zinemagileak: «Uste dut imajinario kolektiboa sortzeko eta elikatzeko fikzioa tresna hobea dela beste hainbat baino».  Izan ere, sentimenduak «beste modu batean pasatzeko» gai da fikzioa, Martinezen ustez. Hala ere, filmean ageri diren istorio guztiak dokumentatuak direla azaldu zuen, hau da, berak ez duela istoriorik asmatu, entzun eta irakurritakoei eszenatoki bat eman baino ez.

Herri zinema egin nahi zuela ere hasieratik zuen argi. Hau da, herritarrak protagonista izatea kamera aurrean zein atzean. Filma egitea bera memoria ariketa bat izan dela adierazi zuen: «Aktoreek beren burua, beren gurasoena edota aitatxi-amatxiena interpretatzen zuten; etxean mintzatzeko aukera zabaldu zuen».

Abiapuntu izan ziren bi gakoak aipatu ostean, galdera sakon bat agertu zen diapositiba batean: «Nola hiltzen da hizkuntza bat?». “Bizkarsoron” hori azaltzen ahalegindu direla kontatu zuen zinemagileak. XX. mendearen kronika bat egin dute bost ataletan banatuta. Harreman sozialei eta botere harremanei loturik ulertzen du hizkuntzaren galera Martinezek; eta horregatik, frantziar Estatuko indarren eraginari begiratzeaz gain, herritarren arteko, eta kasu gehienetan haurren arteko, harremanetan jartzen du fokua filmak. 1914an hasi eta 1982ra arte irauten du pelikulak, «amiltze baten eta biziberritze baten istorioa» da, egilearen esanetan. XXI. mendea zergatik jaso ez duen galdetuta, argi du erantzuna: «Beste fase batean gaude, beste pelikula oso bat beharko nuke hori jasotzeko».

Jakitearen garrantzia

Filmak izandako harreraren inguruan ere hitz egin zuen Martinezek. Hasteko, esan zuen baigorriarrentzat «opari» bat izan zela Donostiako Zinemaldiko aurkezpena. Bigarrenik, filmak edota dokumentalak egin dituen bakoitzean izan duen pentsamendua zein izan den aitortu zuen: «Nahi nuke ni bezala pentsatzen ez duen jendeak ikustea». Hori gutxitan lortzen dela aipatu zuen, baina pozarren dago  film honekin lortu duela-eta: «Euskararen aurka daudenak ere joan dira zinemara!».

«Euskaldun izateko motibazio bat behar da, eta, horretarako, nondik gatozen kontatu behar da», azaldu zuen zinemagileak.


Argitu zuen harrera oso ezberdina izan duela Ipar Euskal Herrian eta Hego Euskal Herrian. Izan ere, Iparraldean zinema komertzialetara ere eraman dute filma; Hegoaldean, aldiz, nahiago izan dute banatzaile handien esku ez utzi. «Iparraldean denek ikusi beharreko filma bilakatu zen», kontatu zuen, eta Garaziko zineman «gure etsai handienak» ikusitakoan, euskararen aurkakoak alegia, konturatu omen zen horretaz. Ikusle batzuek autokritika egin dutela esan zuen, eta beste batzuk, aldiz, erasota sentitu direla. «Jende bat molestatu izana ona da; iruditzen zait badugula euskararen talkan ez sartzeko joera orokortu bat, baina lehen pausoa hitz egitea da minimo batzuetara heltzeko. Hitz egiten ez bada, problemak desagertzen dira», hausnartu zuen.

Euskaldun izateko hautua «bihotzetik» egiten da, Martinezen ustez, «bihotzetik mintzatu behar zaio euskalduntzeari. Euskaldun izateko motibazio bat behar da, eta horretarako nondik gatozen kontatu behar da», zehaztu zuen. EHUko ikasleek filma ikusi ostean esandakoak baliatu zituen bere hipotesian sakontzeko. «Jendeak badaki euskara zapalduta egon dela, baina horrek zer esan nahi duen ez daki. Askok pentsatzen dute frankismora mugatzen dela euskararen zapalkuntza , eta ez da hala». Gaineratu zuen testigantzarik gabe zaila dela zapalkuntza egoera horren berri izatea, ikasleen %49k euskararen zapalkuntzaren inguruan «ez zekitela askorik» erantzun baitzuten.  Horregatik uste du, transmisioa garrantzitsua dela, eta hori, kulturatik egitea ezinbestekoa.

Estrategia ezberdinak

Baieztapen batekin hasi zuen  Irujok bere hitzaldia: «Arrazoi pila bat eman ditzakegu, baina genozidioa batez ere emozionala da». Eta ondoren aurreratu zuen genozidioa zer den eta Euskal Herria hori pairatzen ari dela azaltzen ahaleginduko zela bere hitz-hartzean. Horretarako atzerriko adibide bat baliatu zuen, bere ustez, zenbaitetan «kanpotik» errazago ikusten baita dena.

Estatubatuarrek indiarren aurka egindako gerra izan zuen hizpide; 50 urte iraun zuen gerrak, eta orotara 4.200 indiar hil zirela jasotzen dute datu guztiek; Estatu Batuetako Armadan, aldiz, 6.400 hildako zenbatzen dira. Estatu Batuetako kongresuan, gerrako zenbakiak, hildakoak eta dirua, eztabaidatzen hasi ziren eta datu esanguratsu bat atera zuten: indiar bat hiltzeak hamaika milioi dolarreko kostua zuen. Eta, beraz, indiarrak desagerrarazteko beste bide bat pentsatzen hasi ziren; «hiritar amerikarrak ekoizteko fabrika» behar zutela ondorioztatu zuten.

 

Genozidioan gaude, Irujoren ustez: «Egun ezin dugu esan ez gaudenik genozidio batean, kultura eta hizkuntza ofizialki onartuta ez daudenean»

Irujoren ustez, «fabrika» hori pentsatzean guztiz asmatu zuten. Hezkuntza sistema aldatu behar zen, horrela natibo amerikarren seme-alabak beraien lurralde eta familietatik aldendu, eta «zibilizatuak» izaten irakatsiko zieten. «Ingelesa, historia (AEBetakoa noski, natiboak ez dira ageri) erlijioa, zibilizazioa, kultura eta kirola irakasten zieten; zer zen estatubatuarra izatea, alegia», laburtu zuen.

Amerikako historia Euskal Herrikoarekin lotu zuen gero; «espainiarrek eta frantsesek zibilizatzen irakatsi digutela esaten digute, euskararekin ez gindoazelako inora». Eta adibide zehatzetara jota, 1838an Madrilgo gorteetan AEBetako eztabaida bera izan zela kontatu zuen: «Zenbat kostatzen da karlista bat hiltzea? Oso garestia zen, eta eskolarizazioaren bidea hautatu zuten hauek ere». Eskolan «etengabeko zigorra» erabiltzearen «arrakasta» azaldu zuen, “Bizkarsoro” filmeko erreferentziei keinu eginez. «Pertsona bat etengabe zigortzen baduzu, arriskutsua dela sinistuta, hitz egiteari uzten dio», azaldu zuen.

«Gaur egun ezin dugu esan ez gaudenik genozidio batean. Kultura eta hizkuntza ofizialki onartuta ez dagoenean, genozidio bat gertatzen ari da, ez zarena izatera behartzen zaituztenean genozidio bat gertatu da», baieztatu zuen. Eta hori sakon azaltzeko tartea hartu zuen. «Identitate kolektiboa» deitzen zaiona desagerraraztea da genozidioa, Irujoren arabera. Eta, horretarako, estrategia ezberdinak daudela azaldu zuen: izan daiteke fisikoa, zuzenean jendea hiltzea; izan daiteke biologikoa, gizonak eta emakumeak banatzea jaiotzarik ez egoteko; izan daiteke kulturala, hizkuntza debekatuz… Baina genozidio baten «lehen mailako tresna» hezkuntza sistema publikoan eragitea da, bere ustez; «epika historiko baten eta sinboloen eraketa izugarri inportantea da». Eta horien galera pairatzen ari da Euskal Herria, Irujoren esanetan, transmisioan behar besteko arretarik jarri gabe. Historialariaren ustez, euskaldunen biziraupenerako «independentzia politikoa» da ezinbestekoa; «autonomismoak hilko gaitu».