HAZI fundazioaren jardun eremuak lehen sektorea (nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta basogintza), landa eta itsasertz inguruneak eta elikagaien industria dira, eta jardun eremu horietan lehiakortasuna, jasangarritasuna eta berrikuntza sustatzea da haren xedea.
Helburu nagusi horrekin, ekimen berria jarri du abian, beren jarduera EAEko landa guneetan eta itsas eremuan gauzatzen duten edo negozio proiektu berriak hasi nahi dituzten ekintzaileei laguntzeko. Halaber, lagunduko zaie elikagaien eta zuraren balio-katearekin lotutakoei ere.
Kabia izenarekin, gune berri honek topaketa fisiko eta digitalerako topagune bat eskaintzen du, betiere interesak, erronkak eta esperientziak partekatzen dituzten pertsonen, sektoreko eragileen eta ekintzailetza proiektuetan laguntzeko ekosistemako erakundeen arteko harremana sustatzeko.
Izan ere, enpresa proiektu berri bati ekiteko garaian, HAZIren laguntza eskatu duten pertsonen %80k banaka eskatzen du laguntza. Negozio berria abian jarri nahi denean, ia beti bakarkakoa da ibilbidea, eta hainbat ziurgabetasuni eta zalantzari erantzun behar zaie, ez baitakigu argi nondik hasi behar dugun edo ez baitugu nahikoa gaitasun.
Horregatik abiarazi zen 2015. urtean Ostegun Ekintzaileak programa. Aurrez aurreko topaketak dira, eta ekintzaileen arteko harremana sustatzen dute, esperientziak partekatu, aukerak antzeman edo proiektuak ideia berritzaileekin osatzeko. Hain zuzen ere, foro horretan sortu zen aurrerapausoak emateko beharra, batetik, kultura ekintzailea bultzatzeko eta, bestetik, ekimenak zituzten pertsonak konektatzeko.
Behar horren erantzuna da Kabia, aurreko guztia gune birtual batean elkartzen duen ekimena, alegia. Aurrez aurreko topaketetako material oro ageri da bertan, eta foro gisa erabiliko da erkidego ekintzaile guztia etengabe antolatuta eta konektatuta egon dadin, eta sarbidea izan dezan prestakuntza ikastaroetara, esperientzia inspiratzaileen adibideetara, kontaktu sarera eta adituen aholkularitzara.
«SU MOTELEAN» PRESTATZEN
Kabiaren izaera azaltzeko, bertako kideen ordezkaritza batek plater gastronomiko bat prestatu zuen Zurbaoko Otalora-Guevara jauregian antolatutako aurkezpen ekitaldian, komunitatean ekiteak dituen onurak irudikatzeko. Izan ere, emaitza ezin hobera iristeko osagaiak ondo konektatuta dauden ekintzaileak dira.
Ekintzailetzaren aldeko zenbait eragile eta erakundetako ordezkariez gain, ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendari Jone Fernandez Landa izan zen. Halako ekimenak positiboki baloratu zituen, «elkarlanerako, solasaldirako, ideien trukerako, ikaskuntzarako eta berrikuntzarako erreferentziazko eremuak sortzeko beharrari erantzuten baitiote. Azken finean, ekimen horiekin gure enpresen lehiakortasuna eta aurrerapena hobetzen dira», adierazi zuen.
Zuzendariak esan zuenez, «ekintzailearen arazo nagusiak gai batzuei aurre egiteko egiturarik ezarekin lotuta daude. Horregatik dira garrantzitsuak Kabia eta antzeko topaguneak, gainerakoekin elkarrekintzan jarduteko norbanakoaren borondatetik eta ekosistema ekintzailea eraginkortasunez hobetu eta indartzen laguntzeko asmotik abiatuta eratu direnak».