Nerea Goti

Askapen nazionalean udalen protagonismoa berreskuratzera deitu du EH Bilduk

Askapen nazionalaren aldeko borrokan udalek izan duten paper historikoa berreskuratzeko deia egin du Arnaldo Otegik EH Bilduk Durangon antolatu duen II. Konferentzia Munizipalistan. Herrietan, estatus nazionalari buruzko eztabaida bultzatu eta hari bide emateko deia egin du.

Arnaldo Otegi, EH Bilduren Konferentzia Munizipalistan egindako hitzartzean.
Arnaldo Otegi, EH Bilduren Konferentzia Munizipalistan egindako hitzartzean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Bere II. Konferentzia Munizipalista egin du EH Bilduk larunbat goiz honetan Durangon. Ehunka udal ordezkari bildu dira Landako Gunean, hurrengo urteetarako lan ildoak finkatu eta «misioa hausnartzeko». Ibilbide horri begira, «nazio askapenari buruzko eztabaida berriz ere mahai gaienan jartzeko» unea dela esan du Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusiak, eta erantsi du eztabaida horretan udalek beste garai batzuetan izan duten protagonismoa berreskuratu behar dutela.

Adierazi duenez, herri politikak egiteko orduan EH Bilduk hainbat esparrutan lidergoa hartzen duen bezala, «askatasun nazionalen aldeko borrokan» urrats berriak egin behar dira udalgintzaren eremutik.

Mahai gainean jarri du Otegik EH Bilduk irabazitako indarra, bereziki udalgintzan islatzen dena, gobernu kooperatiboen alde egindako apustua eta herritarren ondoan egindako udalgintza eredua. Gogoratu du udalek eta alkateek historikoki paper nagusi bat jokatu dutela estatus nazional baten aldeko defentsan, eta gogora ekarri ditu adibide gisa Lizarrako Estatutua edota Udalbiltza bera.

Azpimarratu du «abagune historiko» batean gaudela, herritarren ondoan egin beharreko bidean, eta ildo honetan «gure estatus nazionalari buruz hitz egin», eztabaida bultzatu eta eztabaidari bide emateko unea dela, «urrats kualitatiboak» lortzeko.

Erronken aurreko esperientziak

Lehen saio komun baten ostean, lau gune egokitu ditu indar subiranistak: trantsizio ekosoziala, gizarte berdinzalea, euskara eta kultura eta oposiziotik jardutea bezalako arloetan sakontzeko. Larrialdi klimatikoa udal politiketan, energia trantsizioa edota klima aldaketari egokitzeko udal planak aztertu dituzte lehen gunean, EH Bilduk hainbat herritan eta zonaldetan bultzatutako proiektuak aztertuz.

Udalgintzak aurrean dituen erronken artean, zenbait udaletik koalizio independentistak abian jarritako esperientziak partekatu dituzte, besteak beste, zaintzei, hezkuntzari edota euskara politika aktiboei dagokienez. Eskala handian eta txikian, alkatetzetatik zein tokiko beste erakunde batzuetatik bultzatutako udal politika eraldatzaileak aztertu dituzte.