NAIZ IRRATIA

Cuelgamurosen «poliki poliki» aurrera doaz, baina eginbeharra itzela da

Cuelgamurosen lurperatuta dauden pertsonen senideentzako antolaturiko bisitetan izan da Elorrioko Jesus Aristegi Larrañaga. NAIZ Irratian kontatu ditu bertan ikusitakoak. Ekhiñe Atorrasagatik, berriz, duintasuna berreskuratzeko neurri kolektiboak eskatu ditu.

Audio_placeholder

Cuelgamurosen «poliki poliki» aurrera doaz, baina eginbeharra itzela da

Loading player...
Eskubian, Jesus Aristegi Larrañaga eta Ekhiñe Atorragasti, Cuelgamurosen ere senideak dituzten Betikone Aretxabaleta eta Asun Arrietarekin.
Eskubian, Jesus Aristegi Larrañaga eta Ekhiñe Atorragasti, Cuelgamurosen ere senideak dituzten Betikone Aretxabaleta eta Asun Arrietarekin. (Jon URBE | FOKU)

Madrilgo Cuelgamurosen (Erorien Harana zena) 1.231 euskal herritar daude lurperatuta. Orotara, 33.600 gorpu daude frankismoa goraipatzeko eraiki zen monumentu hartan. Gobernu espainolaren ekimenez, bertan lurperatuak dituzten senideak Paco Etxeberriaren gidaritzapean egiten ari diren lanak ikusteko bisitak egiten ari dira. 166 senidek eman dute izena horretarako, 30 Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak direlarik.

Bisita horietan egon da Elorrioko Jesus Aristegi Larrañaga, han lurperatuta dagoen Jose Larrañagaren iloba eta NAIZ Irratiko Oinatz Aizpururi han ikusitakoak kontatu dizkio. 18 urte zituen Jose Larrañagak frankisten tropekin joatera behartu zutenean eta Tarragona aldean hil zuten. Bisita Bartzelonako beste familia batekin eta Aragoiko Calatayudeko beste batekin egin zutela azaldu du.

«Bisita hunkigarria» izan zela nabarmendu du Jesus Aristegi Larrañagak, eta Paco Etxeberriarekin egoteko aukera ere izan zutela azaldu du. Mendipean egindako eliza erraldoia deskribatu du: ezkerrean eta eskubian kriptak daude eta hor daude gorpuzkinak.

Prozesu guztiaren helburua bersignifikazioa egitea dela azaldu du, han gertatu zena azaltzeko, memoria demokratikoaren ildotik.

Francisco Franco eta Jose Antonio Primo de Rivera lurperatuta zeuden kapera nagusitik pasa ondoren, gorpuak dauden kriptetara heldu ziren. Bertan, hamabi aditu ari dira lanean Etxeberriaren zuzendaritzapean. Lehen zatian Aragoiko gorpuak daude. Bertan daude lanak aurreratuen.

Aristegi Larrañagak azaldu duenez, pintza txikiekin ari dira bertan edozein arrasto identifikatzeko. Gorpuak dituzten kajak banaka edo binaka pilatuta daude, «edozein modutan». «Poliki-poliki» lanekin aurrera doazela gaineratu du.

Bigarren solairuan egoera konplikatuagoa da. Kataluniako Gandesa herriko gorpuak daude hor. Bertan, hezetasuna eta ura dira nagusi. Ondorioz, dena birrindua dago, kolapsatua. Gorpuak identifikatzeko arazoak izango dituzte. Aristegi Larrañagarentzat, ezinezkoa izango da.

Egiten ari diren lana eskertu du Aristegi Larrañagak, identifikazioa lortzeko itxaropen handirik ez badu ere. Halere, esperantza ez du erabat galtzen eta gorpuak berreskuratzeko salaketak jartzearen garrantzia nabarmentzen du.

Neurri kolektiboak

Ekhiñe Atorrasagasti Lucas Plazaren senidea da. Bortxaz frontera eraman zuten eta Tolosan lurperatuta zegoela uste bazuten ere gorpua, Erorien Haranera eraman zutela jakin zuten urte dexente pasa eta gero. Moncloan izandako bilera batean izan zen, beste 200 seniderekin batera.

Cuelgamurosen egiten ari den lana garrantzitsua dela uste du, baina bertan 30.000 gorputik gora daudela gogoratu du. Bertan ari direnak dozena bat inguru dira eta gorpuak ateratzea eta identifikatzea ezinezkotzat jotzen du Atorrasagastik. Indusketa oso lokalizatuak egiten ari dira.

Egiten ari diren lanarekin eskertuta agertu da, baina gertatutakoaren ardurak argitu behar direla ere nabarmendu du. Euren kasuan, gorpua Tolosatik ateratzeko agindua nork eman zuen jakin nahi dute.

Urrats sinbolikoetatik haratago duintasuna berreskuratzeko neurri kolektiboak aldarrikatu ditu. «Hilda egonda ere, preso daude. Hortik atera behar dira», laburbildu du.