NAIZ

EAEko hurrengo gobernuari egindako galdera: «Noizko eskola publikoaren aldeko apustu sendoa?»

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak zenbait galdera egin dizkio Lakuan izango den hurrengo gobernuari: «Noiz egingo da eskola publikoaren aldeko apustu sendoa? Noiz amaituko da ituntze unibertsala? Noizko hezkuntza-itunen errebisioa?».

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideak Durangon.
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideak Durangon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

«Noiz egingo da eskola publikoaren aldeko apustu sendoa? Noiz amaituko da ituntze unibertsala? Noizko hezkuntza-itunen errebisioa?». Halako galderak jarri dituzte mahai gainean Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideek, larunbat honetan Durangon egindako agerraldi batean.

«Eusko Jaurlaritza berria izango dugu laster eta eskola publikoarekiko guztiz kaltegarria den Hezkuntza Lege berriaren garapena egin beharko du. Jarraituko al du irakaskuntza pribatuaren aldeko politikekin eskola publikoa zokoratzen?», adierazi dute, zenbait eskaera plazaratu baino lehen.

Eskola publikoa «sistemaren ardatza izan eta lehentasun osoa» behar duela aipatu dute, «baliabideen aldetik, azpiegituretan, plantilletan eta aurrekontuetan»; eta «hezkuntza planifikazioa eskola publikoari begira» egin behar dela nabarmendu dute, «0-18 urtera arteko eskaintza
publiko nahikoa bermatuz auzo zein udalerri guztietan».

Halaber, «eskola publiko bakarra euskalduna eta laikoa» aldarrikatu dute, eta eskola-segregazioarekin amaitzeko neurriak hartu behar direla azpimarratu dute: «Segregazioa hezkuntza sistemaren pribatizazioaren ondorio zuzena da. Horregatik, eskola bakarra behar dugulako, gobernuari eskatzen diogu era progresiboan kontzertazioa amaitzeko».

«Eta pribatizazio dinamika eteteko, ikastetxeen publifikazioa ahalbideratuko lukeen araudia sortu behar da eta publifikazio dinamikak bultzatu behar dira», gaineratu dute.

Honekin batera, datorren ekainaren 2an Ordizian ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaian parte hartzeko deia egin dute. «Han egongo gara eskola inklusiboa eta berdintzaile bakarraren alde. Gero eta gehiago gara», azpimarratu dute, aste honetan Euskal Herrian zehar Palestinarekin elkartasuna adierazteko antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin ostean.