Olivia Baril quebectarrak (Rouyn-Noranda, 1997) «Euskal Herria maite» du. Donostian bizi da duela urte batzuetatik eta Euskal Herriko Itzulia da bere lasterketarik gogokoena. Aurtengo edizioan, seigarren postuan dago sailkapen orokorrean, lidergoan dagoen Mischa Bredewold-etik (SD Worx) 21 segundora.
Txirrindulari ipar-amerikarrak laugarren postuan bukatu du Itzuliko bigarren etapa, Basauri-Basauri, 104 kilometrokoa. Lehia hasi aurreko adierazpenetan, puntuen sailkapeneko liderraren maillota jantzita, euskaraz hitz egitera ere animatu da Baril, irribarrez, hitz eta jolas.
«Euskal Herria maite» duela eta hemengo parajeak gustoko dituela esan du, antolakuntzak sare sozialetan zabaldu duen bideoan.
🔴 🟢 Olivia Baril Itzulian euskaraz hitz eta jolas! #itzuliawomen2024 @Movistar_Team @Gob_eus @eitbkirolak pic.twitter.com/SbzZ0O4twp
— Itzulia Basque Country (@ehitzulia) May 11, 2024
Nazioarteko txirrindulari askok adierazten dute Euskal Herriko parajeenganako miresmena, bai eta txirrindularitza zaletuen hauspo eta errespetua. Kasu honetan, kanadarrak euskaraz egin izanak, erakusten du lurraldearekin estuki lotuta dagoela.
Bideoa bere Instagram kontuan ere partekatu du Barilek eta zenbait mezu atsegin jaso ditu, Peio Goioganarena bat, «maite zaitugu» adieraziz.
Ane Santesteban eta Usoa Ostolaza dira euskal txirrindulari bakarrak aurtengo edizioan baina behintzat, beste euskal hiztun bat ere batu da sarera.
Euskal Herriko Itzuliko etapa baten faltan, sailkapen nagusian seigarren dago. Iazko edizioan, laugarren postuan bukatu zuen. Vueltan puntuen sailkapena irabaztetik iritsi da Itzulira, sailkapen nagusian bosgarren bukatuta.