Iraitz Mateo

Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa martxan da Usurbilen

Atzo egin zuten Usurbilen Txirikorda etxebizitza komunitarioaren inaugurazio ofiziala. Belaunaldiarteko etxebizitzak dira, apirilean hasi ziren bizilagunak bertan bizitzen, eta atzo zabaldu zizkioten ateak herritarrei. 12 gazte eta lau adineko bizi dira gaur gaurkoz.

Txirikordako kideak, etxebizitzak ateak ireki berritan.
Txirikordako kideak, etxebizitzak ateak ireki berritan. (Jon Urbe | FOKU)

«Laborategia», horrelaxe definitzen du Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak Txirikorda, belaunaldien arteko etxebizitza komunitarioa. Hamasei bizilagunekin abiatu da proiektua, 18 eta 30 urte arteko 12 gazterekin eta 65 urtetik gorako lau heldurekin. Olatz Askorreta, Leire Arregi eta Ofelia Moraima Rodriguez bertako bizilagunak dira, pasa den ekainetik ari dira elkar ezagutzeko prozesuan parte hartzen, baina etxetik irten eta elkarri «kaixo, zer moduz?» esateak elkartzen dituela gehien uste dute.

Ugartondo auzogune berrian kokatzen da eraikin zuria, orotara 16 etxebizitzak osatzen dute. Horietako lauk bi logela dituzte, eta beste hamabik logela bakarra dute; etxe bakoitzean sukaldea eta komuna jarri ditu udalak, gela eta egongela hornitzea bizilagun bakoitzaren esku geratzen da. Atari eta terraza partekatuak dituzte, eremu komunitarioei garrantzia ematen baidiete. Espazio komunitarioak Txirikordako bizilagun guztienak dira: sukalde-jangela, egongela, terraza eta arropa garbitzeko espazioa. Horrez gain, auzotarrek eta herritarrek erabili ahal izango duten erabilera anitzeko gela bat ere badago.

2019an hasi zuten Txirikorda sortzeko prozesua, baina orain ari dira bizitzak txirikordatzen. Hori sumatzen da etxe  atarietan, behintzat: bizilagun batek letxugak landatu ditu loreontzietan, beste batzuen zapatak ikus daitezke atarian, beste batek ikurrina eta Palestinako bandera eskegi ditu, eta badago «lanpas dixlexikoa» jarri duenik ere.

Txirikorda etxebizitzak terraza partekatua du.

Bi komunitateren beharrak

Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak azaltzen du bi behar identifikatu zituztela, eta elkar osagarri izan zitezen sortu zela Txirikorda. Batetik, gazteak emantzipatzeko nahia baina zailtasuna identifikatu zuten, eta bestetik, heldu askok bizitzeko toki egokien falta zutela, eta zenbait kasutan bakardadeari aurre egiteko nahia ere bazegoela jaso zuten. Bi horiek txirikordatzea izan da helburua, eta «bizikidetza aberasgarri» baterako bidea eraiki eta baliabideak jartzea.

Prozesuaren lehen zatian elkar ezagutza landu zuten batik bat Askorretak azaltzen duenez: «Gazteon artean gehiago ezagutzen ginen, adin bertsukoak garelako, baina helduak eta gu ez ginen horrenbeste ezagutzen». Komunitatea lantzea eta eraikitzea izan dute beraz lehen etxeko lana, eta horretan Zabalduz kooperatiba izan dute bidelagun. Orain heldu zaie «benetako urratsa» ordea, teorian landutako praktikara eramatea.

«Uste dut hau ez dela edozeinentzat. Emantzipatzeko aukera izugarria da, baina jakitun izan behar dugu honen oinarrian proiektu komunitario bat dagoela, eta ezin dugu hori alboratu», kontatzen du Askorretak. Eta bizitzera joan aurretik egindako prozesua beharrezkoa dela nabarmentzen du, «enpatia» ariketa handi bat egin dutela guztiok aitortzen du: «Gazteok gehiago gara kopuruz, saltsa askotan gaude sartuta eta ideia asko ditugu, askotan adinekoek jarri behar izan digute frenoa». Izan ere, bakoitzak bere erritmoak ditu, eta guztienak errespetatu eta zaintzea da komunitatean lan egiteko funtsezko baldintzetako bat.

Lan komunitarioak pisuka banatu dituzte.

Rodriguez ilusionatuta dago proiektuarekin, «Txirikorda intergenerazionala izateaz gain internazionala ere bada, ni Kubatarra naiz» kontatzen du pozarren. Barne funtzionamenduari garrantzia ematen dio: «Gure arau propioak ditugu, udalari ere helarazi dizkiogu horiek,  bakoitzak gure eskubide eta betebeharrak ditu». Etxearen garbiketarako, adibidez, txandaka egiten dute eta sukalde-egongelako arbelean dute apuntatuta. Ur eta argindar gastuak ere komunitarioak izango direla azaltzen du: «Horrek gutako bakoitza behartuko du lehengaiak neurri gabe ez kontsumitzera».

Arautu beharreko funtzionamendua

Bi astetik behin edota astero egiten dituzte asanbladak, eta hilabetero, sortzen diren beharren arabera moldatzen dituzte lan taldeak. Arregik orain bertan hiru lan talde daudela azaltzen du: komunikazioa, udaletxearekin harremana eta atzoko inagurazioa prestatzeko taldea. Hilabetean «zortzi ordu komunitario» egin behar dituzte, oraindik ez dituzte zehaztu, Txirikorda barnean zein kanpoan egin ahalko dira. Solaberrieta alkatea ez da gehiegi arduratzen horretaz momentuz, bizilagun guztiak baitabiltza «saltsaren batean herrian», baina garrantzitsua iruditzen zaio lan komunitarioaren aldea: «Herriak eman dizun aukera, herriari itzultzeko modu bat da».

Gaur egun 10 gazte eta hiru adineko bizi dira, adinekoentzako hiru etxebizitza hutsik geratu dira, izen ematea ez delako gazteena bezain zabala izan, baina oreka bat bilatu nahi dutenez, berriro ere adinekoentzako hiru etxebizitza horietan izen emateko epea zabalduko dute. Izena ematerakoan baldintza jakin batzuk bete behar zituzten; gazteen kasuan 18-30 urte bitarte izatea, gehienean bost urterako izango da etxebizitza, eta alokairua ordaintzeko bakoitzaren diru sarreren %15a bideratuko da.

Beheko solairuan elkartea du Txirikordak.
Beheko solairuan elkartea du Txirikordak.


Adinekoan kasuan, aldiz, 65 urtetik gora izatea zen lehen baldintza, eta ordainketa pentsioaren arabera egingo da kasu honetan ere. Bost urteko esleitzen zaie hauei ere, baina urte gehiagoz jarraitzeko aukerarekin; eta adinekoek jabetza pribaturen bat badute, gazteen emantzipazioa bultzatzeko alokairuan jartzera bultzatzen dituzte. Horrez gain, Txirikordaren eraikinetik gora joanda dagoen Egurtzegi zaintzadun egoitzarekin ere harremana dute, adinekoek beharra dutenean horra lekualdatzeko.

Txirikorda Usurbilgo «zaintza ekosistemaren parte» izatea nahi du udalak, eta ez ulertzea proiektu isolatu gisa: «Txirikorda komunitatean elkar zaintzeko aukera ematen digun proiektua da, zaintzak ikuspegi prebentibotik lantzen dituena».  Eta beste hainbat proiekturekin egin gisara, kasu honetan ere ikuspegi feminista presente izan dute, eta alkateak uste du «hirigintza feministaren eredu» izan daitekeela.