NAIZ

Zumaia, Hondarribia, Ondarroa eta Bermeo txapeldun trainerilla txapelketetan

Gipuzkoako Txapelketan Zumaia eta Hondarribia izan dira irabazleak maila nagusian; Bizkaikoan, aldiz, Ondarroa eta Bermeo. Estropada ikusgarriena Bizkaiko senior mutilena izan da, Bermeok eta Zierbenak lehia oso estua izan dutelako. Euskadiko Txapelketa, datorren igandean Ondarroan.

Hondarribiak irabazi du Gipuzkoako Txapelketa senior mutiletan: Manex Aldai, Adrian González, Beñat Egiazu, Bikendi Alza, Iñigo Sagarzazu, Galder Esponda eta Joseba Amunarriz (patroia).
Hondarribiak irabazi du Gipuzkoako Txapelketa senior mutiletan: Manex Aldai, Adrian González, Beñat Egiazu, Bikendi Alza, Iñigo Sagarzazu, Galder Esponda eta Joseba Amunarriz (patroia). (HONDARRIBIAKO ARRAUN ELKARTEA)

Gipuzkoako eta Bizkaiko Trainerilla Txapelketak jokatu dira gaur Getarian eta Ondarroan, hurrenez hurren. Gipuzkoako Txapelketan Zumaia eta Hondarribia izan dira irabazleak maila nagusian; Bizkaikoan, aldiz, Ondarroa eta Bermeo izan dira indartsuenak.

Gipuzkoatik hasita, emakumezko absolutuen mailan Zumaiak nagusitasunez lortu du urrezko domina, 16:28.85eko denbora markatuz. Tolosaldea izan da bigarren 13,72 segundora eta Donostiarra hirugarren 34,50era. Gizonezkoen maila nagusian Hondarribiarentzat izan da garaipena 14:10.99ko denborarekin. Zilarra Oriorentzat izan da, 9,14 segundora, eta brontzea Getariarentzat 11,28ra.

Beste mailetan, aipagarria da San Juanek erakutsitako nagusitasuna, jokatutako hiru kategorietan irabazle izan delako: emakumezko jubeniletan urrea irabazi dute Hibaika eta Hernani mederatuz; emakumezko kadeteetan ere bai San Pedro eta Zumaia atzean utziz; eta gizonezko kadeteetan Getaria eta Zumaia gainditu ditu garaipena lortzeko.

Bizkaiko Txapelketari dagokionez, Ondarroa izan da nagusi emakumezko absolutuen mailan. Etxeko taldeak 17:06.56ko denbora markatu du helmugan, Kaikuri 13,27 segundo sartuz eta Deustori 19,82. Parekotasun askoz handiagoa egon da gizonezkoen maila nagusian: Bermeo izan da irabazle 14:11.32ko denborarekin eta bigarren izan den Zierbena 2,17 segundogatik menderatuz. Hirugarren postua Ondarroarentzat izan da, 19,97ra.

Beste mailei dagokienez, Isuntza izan da azkarrena jubenil mutiletan Santurtzi eta Zierbena menderatu ostean; Santurtzi izan da garaile kadete mutiletan Arkote eta Isuntzaren aurretik; eta kadete nesketan Ondarroak eraman du urrea Portugalete eta Mundaka atzean utzi ondoren.

Euskadiko Txapelketa datorren igandean jokatuko da Ondarroako uretan 10.30etatik aurrera.