NAIZ
Bilbo

Iratxe Fresneda, Izibene Oñederra eta Koldo Almandoz, Kimuak 2024ko katalogoan

Kimuak programaren 27. edizioara aurkeztutako film laburren artean, zazpi hautatu dira 2024 urteko katalogoa osatzeko, horien artean ibilbide sendoa duten Iratxe Fresneda zinemagilearen ‘Errotatiba’, Izibene Oñederraren ‘Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)’ eta Koldo Almandozen ‘Dinosaurioak’.

‘Errotatiba’ film laburraren irudi bat.
‘Errotatiba’ film laburraren irudi bat. (KIMUAK)

Etxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadiren bitartez egituratzen den Kimuak programak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du xede. Aurten aurkeztutako 47 proposamenak aztertu eta gero, programaren epaimahiak zazpi film labur hautatu ditu 2024 urteko katalogoa osatzeko: ‘Dinosaurioak’ (Koldo Almandoz), ‘Errotatiba’ (Iratxe Fresneda), ‘Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)’ (Izibene Oñederra), ‘Exergo’ (Jorge Moneo Quintana), ‘Patrimonio’ (Aitor Abio), ‘Todo lo cubre la sal’ (Joana Moya Blanco) eta ‘Utländsk’ (Alba Lozano).

‘Errotatiba’

Oroimenaren hauskortasunari eta hura babesteko gizakiak sortzen dituen lekuei buruzko ez-fikzioa da Iratxe Fresnedaren ‘Errotatiba’. Hauxe dio egileak: «Pertsonak desagertu egiten dira, bizi izan zireneko eraikinak edota lan egin eta zoriontsu izan zireneko tokiak bezala. Aurpegi eta bizitza horiek, noizbait idatzizko oroimenaren parte izandakoak, desagertuko den oroimenarekin batera galduko dira, ezer ez delako betiko. Esaerak dioen bezala, urak dakarrena, urak daroa».

Iratxe Fresneda (Arrigorriaga, 1974) GARA eta NAIZeko kolaboratzailea da eta bere lehen film luzea, ‘Irrintziaren oihartzunak’ (2016), 64. Donostia Zinemaldian estreinatu zen eta ‘Erregistroaren trilogiari’ hasiera eman zion. Trilogiari ‘Lurralde hotzak-Cold Lands’-ek eman zion jarraipena 2018an, eta ‘Tetuán’ filmarekin itxi zen 2022an.

‘Dinosaurioak’

Koldo Almandoz donostiarrak (1973) hainbat genero eta formatutako filmak idatzi eta zuzendu ditu azken 25 urteetan. Bere lanak nazioarteko jaialdi askotan aukeratu eta saritu dira. ‘Hondar Ahoak’ eta ‘Intimidad’ telesailak ere sortu eta zuzendu ditu.

‘Dinosaurioak’ fikzioak Iñaki Beraetxe, Sara Cozar, Iñigo Aranbarri, Maria del Amor Zubiaur, Laura Villanueva eta Martin Almandoz ditu protagonista, eta aro baten amaiera mingotsaren aurrean jartzen du ikuslea.

‘Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)’ filmaren fotograma bat. (KIMUAK)


‘Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)’

Bere animazio berrian, Izibene Oñederra (1979) zuzendari azkoitiarrak egungo gizartearen beldurrak marrazten ditu. ‘Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)’ animazioan, ingurumen krisia dela-eta kolapsoan dagoen komunitate txikiko biztanleria ahal bezala moldatzen da bizitza berrira.

Arte Ederretan doktorea, ibilbide ezaguna du animazioan. Sultana Films etxeak ekoiztu du bere azken lan hau.

‘Exergo’

Jorge Moneo Quintana (Gasteiz, 1988) Arte Ederretan lizentziaduna da. ‘Exergo’ saiakerak, Bilboko Arte Ederren Museoko margolan batzuen xehetasun periferiko eta ezkutuetatik abiatuta, iraganeko eta egungo artisten baldintza sozial, ekonomiko eta psikologikoekin lotutako hainbat gai aztertzen ditu.

‘Patrimonio’

Izaera sozialeko fikzio hau 2000. urtean jaiotako Aitor Abio durangarraren lehen film laburra da. Ikus-entzunezko komunikazioan graduatua Mondragon Unibertsitatean, gaur egun ECPVn zuzendaritza zinematografikoko diplomatura egiten ari da. Mikelek bere aita Karlosen enpresan lan egiten du. Konpainiak saltzea eta plantillaren erdia kaleratzea erabakitzen duenean, Mikel lankideen alde agertzen da. Bere asmoak onak diren arren, langileek sabotaje plana ezkutatzen diote.

‘Todo lo cubre la sal’

Berrogeita hamazazpi sare-konpontzailek egiten dute lan Euskal Herriko kostaldean, lan tradizional horrekin jarraituz, denbora gelditu izan balitz bezala. Eskuak gatzez estalita dituztela, etengabe ehuntzen dute, isil-isilik. Joana Moyak (Bilbo, 1985) geologia eta dantza garaikidea ikasi zituen. 2010az geroztik irudiarekin dihardu lanean, eta ikus-entzunezko proiektuetan sartzen ditu diziplina horiek. ‘Todo lo cubre la sal (Gatzak dena estaltzen du)’, bere lehen film laburra, Doclisboa, ZINEBI, Malaga eta Hot Docs zinemaldietan lehiatu da.

‘Utländsk’

Esti, ‘Utländsk’ filmaren protagonista, Oiartzunera itzuli da sei urtez Suedian bizi ondoren. Bere buruari ez zela itzuliko agindu bazion ere, ezegonkortasun ekonomikoak eta lan-prekarietateak bueltatzera behartzen dute. Herriak aldaezin jarraitzen duela konturatzen da, eta Esti ez dago egokitzeko prest.

Alba Lozanok (Barakaldo, 1996) Izaro Nieto eta Dorleta Urretabizkaia aktoreak zuzendu ditu bere bigarren film laburrean. 2022an ‘Non Grata’, bere lehen filma idatzi eta zuzendu zuen.