Azkar, oso azkar, eta inolako arazorik gabe apartatu dituzte Unai Laso eta Javi Zabalak larunbat honetan Labriten jokatu beharreko finalerdietarako pilotak. Bere lehen mailako lehen finalerdian, errioxarrak pilota zertxobait motelagoak aukeratu ditu, baina biek oso gustura amaitu dute saskian aurkitutakoarekin.
Lehen mailan, Buruz Burukoan elkarren aurka jokatzen duten lehen aldia izango dute Bizkarreta-Gerendiaingoak eta Logroñokoak eta bientzat lehia oso berezia izango da. Errioxarra sekula halako finalerdi bat jokatu gabea da eta errotarra berriz ere final baterako sailka liteke, lesio larri bat atzean utzi eta gero. «Hau niretzat sari bat da, egia esan txapelketa hasieran helburua nire maila berriz ere hartzea zen eta aldakak ondo erantzun dit, fisikoki ondo nago eta mentalki oso gustura», azaldu du.
Jokatutako lau partidak erraz irabazita, Dario izan da hamar tanto egitera heldu den bakarra, Unai Laso joko bolada ikaragarrian helduko da larunbateko partidara eta Baikoko aurrelariak sakean jartzen du bere joko onaren zati handi bat. «Asko entrenatu dut sakea, oso ondo ari naiz sakatzen, oso gustura baina partida bakoitza desberdina da. Lehen pilota jokoan jartzera joaten nintzen eta orain tantoa egitera joaten naiz eta hori da nire gakoetan handienetako bat», gaineratu du.
Apustuetan, finalera heltzeko ez ezik, txapela janzteko hautagai nagusia bihurtu da errotarra orain arteko lan bikainarengatik, baina Laso ez da fio. «Irabazi ditudan partidengatik izango naiz faborito, agian esperientzia handiagoa ere badudalako halako partidetan, bere lehen finalerdia delako. Baina nik bizi izan ditut halako uneak, munduko konfiantza guztiarekin zaude eta aurkari oso arriskutsua izango da, ikaragarri jokatzen du, ondo jokatzen badu ostiaka atera zaitzake eta ni saiatuko naiz eusten eta nire jokoa egiten», azaldu du.
Zabala, arriskatzeko prest
Bere txapelketa horren ikusgarria izan ez bada ere, Javi Zabala ere ur aparretan aurkitzen da, lehen mailan jokatu duen lehen txapelketan, bere burua finaletik pausu bakarrera ikusita. «Pilotari bezala gauza gutxi daude Buruz Burukoaren finalean sartzea baina handiagoak, txapeldun handi baten aurka arituko naiz gainera eta hitz handiak dira, amets bat lehen aldiz zuriz jantzi nintzenetik. Buruz Burukoa beti izan da gehien gustatu zaidana, txapelketa hau sekulakoa izaten ari da, baina harri ikaragarri bat dut bidean. Saiatuko gara ahal bezala pasatzen», azaldu du.
Bere eskuin eskuak kolpatuta amaitu zuen Artolaren aurkako azken partidan, baina azken egunetan hobera egin du eta larunbatean jokatzeko moduan izango dela uste du Logroñokoak. «Halako partida baten aurrean, eskuko mina izan edo ez, ezer gertatuko ez balitz bezala egingo dut, takoa eskua %100era egongo balitz bezala jariko dut, pilota gozatu nahi dut eta horretarako arriskatu egin behar badut, arriskatuko dut. Ez dakit gehiago izorratuko dudan, baina egoerak merezi du», gaineratu du.