Auzitegi Gorenak ez du tramitera onartu Uliazpi Fundazioak EAEko Justizia Auzitegiak emandako epaiaren aurka aurkeztutako helegitea. Donostiako epaitegiak hartutako erabakiaren aurka norbanako batzuek jarritako helegitea onartu zuen Auzitegi Nagusiak eta atzera bota zuen dibertsitate funtzionala duten pertsonak eta familiak artatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko erakunde autonomo horrek hainbat lanpostutan euskararen ezagutza eskatu izana, gehiegizkoak direla iritziz.
Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, UEMA eta LABek «oso larritzat» jo zuten epaia, eta «botere judizialaren oldarraldian beste urrats bat» dela adierazi zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiak, helegitea jarriko duela iragarri zuen.
Orain, Efe agentziak eskuratu duen probidentzia batean, Auzitegi Gorenak helegite hori «izapidetzeko ez onartzea» erabaki du, bere prestakuntza iragarri zuen idazkiak ez zuelako «behar beste» eta «kasuari aipamen berezia eginez» oinarritu Auzitegi Gorenaren «kasazio-interes objektiboa eta erabaki baten komenigarritasuna hautemateko aukera ematen duen kasuren bat», eta, beraz, ez dela gaiaren muinean sartuko.
2023ko martxoan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Uliazpi Fundazioak lan deialdian hainbat lanpostutan euskararen ezagutza eskatu izana, gehiegizkoak zirela iritziz.