NAIZ

Sinadura bilketa Antiguako Auskalo Taldea Gotzaindegiak lokalik gabe utz dezakeelako

Antiguako Auskalo Astialdi Taldeak sinadura bilketa abian jarri du lokalik gabe geratzeko arriskuagatik. Gotzaindegiak azaldu duenez, San Sebastian Martir parrokiak bere lokalak alokatuko ditu zor bati aurre egiteko.

1990etik erabili ditu Antiguako Auskalo Astialdi Taldeak eliza azpiko lokala.
1990etik erabili ditu Antiguako Auskalo Astialdi Taldeak eliza azpiko lokala. (EH BILDU DONOSTIA)

Donostiako Antigua auzoko Auskalo Astialdi Taldeak sinadura bilketa abian jarri du, lokalik gabe geratzeko arriskua dela eta. Jada 2.000 lagun baino gehiagok sinatu dute peticion.es atarian sortutako eskaeran eta larunbat honetan herritarrek sinatzeko aukera izango dute 11.00etan Elizako plazan.

Ohar batean Auskalok azaldu duenez, «antiguatarra den edonork ezagutzen du eliza azpiko lokala. Bertan, bere sorreratik auzotarrak biltzeko ekintzak egin izan dira: zinea, astialdi taldea, katekesia edo AEK-ko euskaltegia besteak beste. Lokal oso esanguratsu bat izan da auzotarren artean harremanak sortzeko. Nolabait Antiguako historiaren parte da. Baina tamalez, 2024ko irailean Antiguako auzoa lokalik gabe geratuko da. Izan ere, Antiguako parrokiak arazo ekonomikoak ditu eta lokala alokatu behar du».

«Konponbide bila Gotzaindegiarekin hitz egin genuen, baina diru kontuak medio, ez digute inolako alternatibarik proposatu», gaineratu du taldeak. Lokala 1990. urtetik erabiltzen du.

«34 urte hauetan 12-18 urte bitarteko auzoko gazteei aisialdi eskaintza irekia, anitza eta osasuntsua eskaini izan diegu bertan, era boluntarioan. Aurten, 120 gazteren izen-ematea dugula, gure ekintzak egiteko tokirik gabe geratzen gara. Auzoko gazteentzat, elkarren artean ezagutzeko eta talde-dinamikak egiteko tokia zalantzaz beteriko etorkizun larri batean geratzen da», adierazi du.

Eta, nabarmendu duenez, «Elizarengandik alternatibarik jaso ez duenez, Udalera jo du «gure ekintzak egiteko beste lokalen bat eskaintzearen esperoan. ‘Auzoan lokal gutxi eta eskaera asko daude’ izan da oraingoz jaso dugun erantzun bakarra».

«Argi dago une honetan antiguatarron inplikazioa eta laguntza behar dugula eta uste dugu gure eskaeraren larritasuna ondo ulertu dadin eta guzti honen atzean zenbat pertsona dauden ikusi dadin, firma-bilketa bat egin behar dugula. Izan ere, Udalari zein parrokiari jakinarazi nahi diegu zenbat pertsona dauden auzoko izaeraren eta historiaren parte den lokala galtzearen aurka», azpimarratu du.

Gotzaindegiarekin erantzuna

Donostiako Gotzaindegiak azaldu duenez, San Sebastian Martir parrokiak bere lokalak alokatuko ditu jasangarritasuna bermatzeko. Dioenez, 2019az geroztik, eraikinean egindako lanen ondorioz, 600.000 euroko zorrari egin behar izan dio aurre.

Elizaren esanetan, «egoera honen aurrean, duela bi urte, aisialdi taldeari, denbora zentzudun batean, bere jarduerak aurrera eraman ahal izateko beste lokal batzuetan egin beharko zituela jakinarazi zitzaion, parrokiak etorkizunean lokal horiek erabili beharko baitzituen. Taldeak, parrokiaren eskuzabaltasuna eskertu zuen, eta baita jakinarazpena ere, alternatibak bilatzeko nahikoa denbora ematen zielako».

EH Bildu: «Beharrak egon badaude»

EH Bilduko Udal taldeak kritikatu du Auskaloren egoera, eta «auzoan eta bizilagunen artean piztu den ezinegona» konpartitzen du.

«Baliabideak auzoen eskura jartzea tokiko udal administrazioari dagokio, eta horregatik ez gara konformatzen Udal Gobernuak auzoari eman dion erantzunarekin. ‘Auzoan lokal gutxi daude eta eskaera asko dago’. Eskaera asko badago, zein irtenbide aurreikusten ditu Udal Gobernu honek? Egin al du hausnarketarik? Beharrak egon badaude, eta horiei bide ematea tokiko erakunde publikoen ardura da», azpimarratu du.

Talde subiranistak dioenez, «bizilagunak lehen lerroan jartzea premiazkoa da: udal gobernuari eskatzen diogu bilatu eta eman diezaiola irtenbidea Antigua auzoko elkarteen lokal faltari,  lehenbailehen, kaltetutako elkarteekin elkarlanean. Auzoan bizi eta jarduten duten elkarte eta eragileei auzoan bertan eman behar zaie espazioa. Azken urteotan udal politikek auzoaren merkantilizazioan arreta jarri duten bitartean, komunitatearen beharrei nekez erreparatu die».