Maite Ubiria

Frantziar eskuin-muturraren agenda erdigunean, europar bozen karietara

Hexagonoa hautes-barruti bakartzat hartzen duten europar hauteskundetan 81 bat eserleku izanen dira jokoan frantses Estatuan. Ipar Euskal Herria guztiz ikus-ezin bilakatzen du hauteskunde sistemak. Eskuin-muturraren gorakadaren testuinguruak zeharo baldintzatu dezake, bestalde, lehia Hexagonoan.

Renaissance alderdiak 57. postuan eramaten du Claire Scotcher 69 adineko banku kudeatzaile ohia.
Renaissance alderdiak 57. postuan eramaten du Claire Scotcher 69 adineko banku kudeatzaile ohia. (Patxi BELTZAIZ)

Ostiral honetan itxiko da europar bozetarako hautagaitzak aurkezteko epea frantses Estatuan.

Hexagonoa hautes-barruti bakartzat hartzen duten bozetan 81 bat eserleku izanen dira jokoan heldu den ekainaren 9an. 2019an baino bi gehiago dira.

Ipar Euskal Herria guztiz ikus-ezin bilakatzen du hauteskunde sistemak. Horrendako, alderdi gehienek aurkezpen ekitaldietatik haratago kanpaina aski apala aurreikusten dute.

Bestalde, eskuin-muturrari inkestek aitortzen dioten gorakadak zeharo baldintzatu dezake lehia Hexagono mailan.

Jordan Bardella buru duen Rassemblement National eskuin-muturreko zerrendak hogei puntutako aldea ateratzen dio hainbat inkestetan Renaissancek, Emmanuel Macronen alderdiak, zerrendaburu bezala hautatu duen Valerie Hayer hautagaiari.

Bi polo horien arteko buruz-burukoa izanen da hedabide nagusientzat kanpainaren abiapuntua.

Zentzu horretan, Errepublikarrak alderdiak zailtasunak atzeman ditzake bere tokia hartzeko kanpainan. François-Xavier Bellamy izanen da eskuin errepublikarraren zerrendaburua.

Euskal Herrian RN hirugarren heldu zen 2019an

Migrazioa politika, segurtasunaren auzia, globalizazioaren aje sozialak.. eskuin-muturraren gaitegia eztabaidaren erdigunean kokatuko da, ezinbestean, frantses Estatuan Marine Le Penen aldekoek duten gero eta itzal handiagoari europar mailan altxaturiko olatu atzerakoia gehitu zaiolako.

2019an RN eta Macron zaleen arteko berdinketa gertatu zen. Eremu bakoitzak 23 eserleku lortu zituelako Europar Batasuneko Parlamentuan. Izan ere boto gehien eskuratu zituen eskuin-muturrak. 200.000 botoen aldea atera zion Marine Le Penen alderdiak Emmanuel Macroni.

Euskal herritarrek ez zuen berdin bozkatu. Hiru lurraldetan Macronen alderdiak aise irabazi zituen europar bozak (%25,75), bigarren postuan ekologistak paratu zirela (%16,56).

Eskuin-muturraren marka nagusia hirugarrena izan zen. Hala eta guztiz ere, RNk 17.383 boto eskuratu zituen (%14,86).

Delako erretreten erreforma, delako laborarien haserrealdia, bost urte beranduago Eliseoko buruaren posizioa dezente higatu da. Hala eta guztiz ere, oso bere sentitzen duen europar egitasmoaren defentsa egiteko xedez, Macronek jarrera aktiboa izanen du kanpainan.

2019an lortu zituen emaitzak nahi lituzke errepikatu Ipar Euskal Herrian beee kanpainari indar berezia eman nahi dion Renaissancek.

Claire Scotcher, erretretan den Oddo banketxearen kudeatzaile ohia izanen da euskal ordezkaria.

Bere zerrendaren 57. posizioan kokatu du, Jean-Rene Etchegarai ondoan zuela, maiatzaren 15an Baionan agerraldia egin zuen gehiengo presidentzialaren alderdiak.

Larunbatean ofizializatuko diren zerrenden esperoan, Rassemblement National (RN) eskuin-muturreko alderdiak aurkeztutako behin-behineko hautagaitzan ez da euskal herritarrik agertzen.

Buruzagi ezagun baten bisita iragarri du Renaissancek Ipar Euskal Herrian kanpaina girotu nahian.

Edouard Philippe frantziar lehen ministro ohia Euskal Herrira helduko baita kanpaina egitera.

Hain zuzen ere, heldu den astean bizikleta bira baten bidez bere kanpainari bultzada emanen dio baita EAJ-PNBk ere.

Jeltzaleek Ile-de-France eskualdeko presidente-ordea Yann Wehrlinge zerrenda buru duen «Ekologia Baikorra eta Lurraldeak» izeneko hautagaitzarekin parte hartuko dute europar parlamenturako bozetan.

Hautagaitzan ordezkaritza aski apala duten beste hainbat alderdi daude, hala nola Herri Batuen Federakuntzaren baitan jarduten duten Okzitania Bastir, Alderdi Bretoia, Lorreineko Alderdia, Okzitania Aberriaren Alderdia edo Prouvènço Nacioun. Jean Tellechea jeltzaleari zortzigarren postua egokitu zaio aipaturiko zerrenda.

Pernando Barrenaren aurkezpena Baionan

Euskal Herria Baik militanteen bozka baten bidez deliberatu zuen ekainaren 9an iraganen diren bozetan «aktiboki ez parte hartzea».

Edonola ere, zazpi herrialdetako herritarrek egun berean bozkatuko duten hauteskunde horiek baliatu nahi ditu EH Baik, Euskal Herria Bildurekin elkarlanean, «Euskal Herriaren burujabetzaren aldarrikapena berresteko».

Hala, maiatzaren 18an, Pernando Barrena EH Bilduren zerrenda-buruaren eskutik agerraldia eginen du, Baionan, Euskal Herria Baik.

Ipar Euskal Herriko ordezkari bat izanen da 'Orain Errepublikak' koalizioaren baitan arituko den EH Bilduren hautagaitzan. Biriatun bizi den Oier Imaz EH Baiko militantea izanen da zerrendakide.

Frantziar Estatu mailan Régions et Peuples Solidaires (RPS) federazioak bultzaturiko 'Europa, Lurraldeak, Ekologia' (ETE) hautagaitzarekin bat ez egin arren, koordinadora horren baitan «autodeterminazio eskubidea babestuko lukeen herrien Europaren alde» jarduten duten alderdiekin lanean segituko duela azaldu zuen bere erabakia eman zuenean Euskal Herria Baik.

Hain zuzen, ETE hautagaitzak geldialdia egin zuen zuen joan zen maiatzaren 14an, Baionan.

Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapez zentrista buru duen udalbatzan zinegotzi zen Laurence Hardouin abokatua 20. postuan doa aipaturiko zerrendan.

Euskal ordezkariak, atzerako postuetan

Oro har euskal ordezkarien presentzia urria da frantses testuingurua hobesten duten bozetan.

Sandra Pereira-Ostanel angeluarra 29. postuan doa Manon Aubry buru duen Frantzia Intsumituaren (LFI) hautagaitzan. 2019an sei eserleku lortu zuen frantziar ezkerreko alderdiak.

Geroztik berdin PS eta PCF alderdiekin zein ekologistekin akordioa erdietsi bazuen ere, frantziar Legebiltzarrerako 2022ko bozetan emaitza onak lortuz, Nupes izeneko aliantzak eztanda egin du Europar Batasuneko Parlamenturako hauteskunde hauen atarian.

Alderdi Sozialistak sorpresa eman nahi luke Plaza Publikoaren mugimenduaren izarra den Raphaël Glucksmannekin.

Colette Capdevielle diputatu ohiak bere sostengua eman zion iragan maiatzaren 2an Lapurdiko hiriburuan eginiko agerraldian. Zerrendaren 74. postua joanen da abokatu baionarra.

Alderdi Komunistak bi egun beranduago aurkeztu zuen bere hautagaitza Lapurdiko hiriburuan. Leon Deffontaine buru duen zerrendan euskal ordezkaririk ez da izanen.

2019ko europar bozetan Baionan bigarren alderdirik bozkatuena izan zen Europe Ecologie-Berdeari dagokionez, bi euskal ordezkari sartu ditu bere zerrendan.

Jeremy Savatier et Justine Jadot 34. et 59. postuetan agertuko dira, hurrenez hurren, Marie Toussain lemazain duen hautagaitzaren baitan.

13 eserleku lortuta, ekologistak hirugarren heldu ziren frantziar Estatu mailan 2019an.

Finean, Jacqueline Uhart lohizundarra izanen da Langile Borroka (LO) ezker iraultzailearen alderdiak zerrenda buru gisara hautaturiko Nathalie Arthaud-en ondoan hauteskunde hauetan.

Bortxaketa batengatik bere aurka zabalduriki ikerketa itxi berria, Jean Lassalle diputatu ohi bearnesak parte hartuko du EBko Legebiltzarra berritzeko lehian landu eremuko Alliance Rurale izena duen zerrendaren eskutik.