Gasteiz Antzokia irekitzeko Elkarrekin Gasteizek eta EH Bilduk aurkeztutako mozioa atzera bota dute Udalaren osoko bilkuran ostiral honetan. Maria Nanclares Euskara zinegotziak esan duenez, Lazarraga elkarteak 2024ko hitzarmena sinatzen duenean irekiko du Antzokiak, «ezinbesteko urratsa» da eta.
Gainera, Lazarraga elkarteari eskatu dio «%100ean egin gabeko lan batengatik jasotako dirua itzultzeko», izan ere, zentroak «ez zuen iaz ireki, gabezia teknikoengatik eta lizentziengatik».
EH Bilduk eta Elkarrekin taldeek Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataformaren mozioa aurkeztu dute, Udal Gobernuari kulturgunea ireki dezala eskatzeko eta «Udalak sortu duen arazoa konpon dezan», baina PSEren, PPren eta EAJren ezezkoa jaso dute,
Plataformak salatu duenez, Udalak «arrazoi burokratiko eta administratiboak argudiatzen ditu eraikina oraindik itxita mantentzeko, proiektua 2022ko irailean amaitu bazen ere», eta Toki Administrazioaren eta Lazarraga elkartearen artean «adostutako irtenbide bat bilatzea» eskatu du.
Adierazi du proiektu hau gauzatzen hasi zirenetik «gizarte eragileen eta erakundeen arteko lankidetzan sinetsi» nahi izan dutela. «Berdinen arteko harreman batean lankidetza eta errespetua bilatzen ditugu. Horixe da Udalari eskatzen dioguna», esan du.
Bestalde, Udala Lazarragari «ematen ari zaion tratua» deitoratu du, «duela bi hamarkada baino gehiagotik proiektuan lan egin duelako»; «erabat bidegabea eta onartezina da», azpimarratu du elkarte euskaltzaleak.
Gaineratu dute ezin dutela «inolaz ere» egoera hori ulertu, «erabat kafkiarra» delako; izan ere, «egindako azpiegitura dago, udal talde guztiak ados daude eta, hala ere, eraikinaren itxiera eta euskarazko hainbat ikuskizun mantentzen dira galdutako ametsen tiraderan».
«Proiektu honek ezin du zakarrontzian amaitu. Gasteiz Antzokia behar dugu. Euskarak, hiriak eta aisialdiak behar dute», adierazi du.
Dirua itzultzea
«Argi dago Lazarragak diru bat jaso zuela %100ean egin gabeko lan batengatik. Ez dut nik esaten, Udaleko Kontu-hartzailetza Nagusiak esaten du, kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren kontrolaz eta fiskalizazioaz arduratzen den organo independente batek», argudiatu du Maria Nanclares zinegotziak.
«Zinegotzi honek eta Gobernu honek ez dute legezkotasuna urratzeko asmorik. Berriro gogoratu nahi dut dirua itzultzea ez dela ezohikoa. Hori urtero gertatzen da diruz lagundutako proiektu guztiak gauzatzen ez dituzten erakunde, kolektibo eta elkarteekin», gaineratu du.
Euskara zinegotziak adierazi duenez, kulturguneak «irekitzeko baldintza egokiak betetzen ditu, baina kontu-hartzailearen aginduak bete behar ditu». «Lazarragak 2024. urteko hitzarmena sinatu behar du, Izaskun Arruen lan egiteko eta programatzeko aukera izan dezaten, eta, horrela, ateak jendearentzat ireki», errepikatu du.