NAIZ

Gasteizko Arte Eskolako Asanbladak 250. urteurrenaren jaia egiteko ezintasuna salatu du

250 urte bete ditu Gasteizko Arte Eskolak. Hori ospatzeko larunbat honetan, maiatzaren 18an, egitekoa zen jaia, Asanbladak antolatuta, baina bertan behera utzi behar izan dute, eskolaren patronatuak baimenik eman ez dielako. Patronatuak «geldirik, isilduta eta otzanak» nahi dituela salatu dute.

Gasteizko Arte eta Lanbide Eskola.
Gasteizko Arte eta Lanbide Eskola. (Arte eta Lanbide Eskola)

Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako Asanblada eskolaren 250. urteurrena ospatzeko jairik gabe geratu da, patronatuak oztopoak jarri ondoren prestatutako egitaraua bertan behera utzi behar izan dutelako.

Asanbladatik salatu dutenez, «argi dago patronatuak gure klaseetan geldirik, isilduta eta otzanak nahi gaituela. Baina hori bai, haien nahi izugarri garestiak, uzkurtzaileak eta autoritarioak gure diruz ordaintzen, bitartean beti ‘ezin da’ eta ‘ez dago dirurik’ esaka dabiltza», gaineratu dute ohar batean.

Bi arrazoirengatik erabaki zuten jaia egitea. Batetik, «hiri honetan bizi garelarik, halako gune bat non giza barietate izugarri anitza topatzeko eta gizaki eta artistak bezala hazteko eduki ahal izateak eragiten digun poza» eta, bestetik, «eskolako zuzendaritzatik eta patronatutik halako data nagikeriaz eta axolagabekeriaz ikusita, egoera hori konpondu beharra».

«Diru justuz, material apurrez eta lagun gutxirekin» izan bazen ere, martxoan hasi ziren prestatzen. Gasteiz Txiki elkartearen bidez jaia kalean ospatzeko Udalaren baimena eskatu zuten eta patronatuari eskolaren eraikina erabiltzeko onespena eskatu zioten.

«Bidea mozteko koordinazioa»

Maiatzaren 8an, hiru aste baino gehiago erantzunik gabe igaro ondoren, telefonoz jarri ziren beraiekin harremanetan Gasteizko Udaletik eta, Gasteiz Txiki eskolarekin harremanik ez duela argudiatuta, jaia kalean egiteko baimena ukatu zieten.

Handik bi ordura, azaldu dutenez, patronatuko lehendakariak «email baten bidez eta adeitasun handiz antzarrak ferratzera bidali gintuen». «Isiltasun osoz hiru aste baino gehiago pasa eta gero halako koordinazioa gure bidea mozteko harrigarria da oso», deitoratu dute.

Egoera horren aurrean, gizarte gasteiztarrari oro har eta ikaslegoari bereziki «patronatuaren mugimenduei begirik kendu gabe erne egoteko» eskatu diete, baita zentzu honetan antola daitezkeen ekintza eta mobilizazioetan parte hartzeko ere.