NAIZ

Motor gidari bat hil da Errenterian, furgoneta baten kontra talka egin ostean

Ezbehar larria gertatu da ostiral honetan Errenterian: moto gidari bat hil da GI-636 errepidean barrena zihoala, beste ibilgailu batekin talka egin ostean. Bost egunetan bigarrena da, igandean Zaldibarren beste bat hil baitzen.

GI-636 errepide honetan gertatu da istripua, Errenteriaren parean.
GI-636 errepide honetan gertatu da istripua, Errenteriaren parean. (Google Street View)

Motor gidari bat hil da ostiral honetan Errenterian furgoneta baten kontra talka egin ondoren. Istripua gertatu den GI-636 errepidea moztuta dago larrialdi zerbitzuen lana eta ibilgailuak errepidetik kentzea errazteko, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Ezbeharra 13:45ean gertatu da, GI-636 errepidean, Errenteriatik igarotzean, eta haren berri izan bezain laster, osasun langileak, suhiltzaileak eta Ertzaintza bertaratu dira, baina, biktima suspertzen saiatu diren arren, ezin izan dute ezer egin salbatzeko.

 

Istripuaren ondorioz erabat moztu dute errepidea Irunerako noranzkoan eta inguruan auto pilaketak sortu dira. Hori dela eta, zirkulazioa desbideratzen ari dira Errenteriako herrigunetik.

Bigarren motorzalea da aste honetan Euskal Herria istripuz hiltzen dena. Igandean beste batek ere bizia galdu zuen Zaldibarren, industrialde batean. Berarekin talka egin zuen autoaren gidaria espetxeratu egin dute.

Gipuzkoan bereziki larria da istripuetan motorzale hildakoen kopurua. Iaz datu hori nabarmendu zen urte bukaerako balantzeetan eta aurtengoan jada bost lagun hil dira era honetan.