NAIZ

Korrikako kideak, bretoieraren alde Ar Redadeg ekimenean

Korrikako ordezkaritza bat Ar Redadeg ekimenean izan da astelehen goiz honetan, Nantes inguruan bretoieraren alde korri eginez. Aurtengo edizioan, bederatzi «korrika ahizpa» izango zituela aurreratu zuten, eta Bretainian egiten ari diren hau da horietako bat.

Ar Redadeg lasterketan Korrikako ordezkariak, bretoieraren alde.
Ar Redadeg lasterketan Korrikako ordezkariak, bretoieraren alde. (Korrika)

Korrika Baionan bukatu zen duela 58 egun, martxoaren 24an hain zuzen ere, baina Korrikako kideak oraindik indartsu eta gogoz daude. Horren erakusgarri da, astelehen goiz honetan Korrikako ordezkaritza batek Ar Redadeg ekimenean parte hartu duela, bretoieraren aldeko lasterketan, Nantes inguruan egin dute korri euskaldunek bretoiekin batera.

Ar Redadeg, bretoieraren aldeko lasterketaren bederatzigarren edizio ari dira ospatzen egunotan, maiatzaren 17an hasi zen, eta larunbat honetan amaituko da, maiatzaren 25ean. Atzo abiatu zen Euskal Herritik Korrikaren ordezkaritza bat, astelehen goiz honetan Nantes inguruan 746. kilometroan parte hartzeko.

Korrikak azaldu du «harreman estua» duela Ar Redadeg lasterketarekin, «Korrika ahizpa» izaki eta La Passem ekimenean egin bezala kilometro bat eskuratu duela «babesa eta elkartasuna» adierazteko. Kasu honetan, bretoieraren aldeko lasterketari, eta Korrikan ere bretoiak izan zirela gogoratu dute.

 

 

Ane Elordik, Korrikako arduradun nagusiak, azpimarratu du garrantzitsua dela hizkuntza gutxituen arteko sarea osatzea: «Eurak ere Baionan egon ziren, okzitaniarrekin batera, hiruon artean harremana daukagu, eta gure asmoa eta erronka da sare hori gero eta indartsuagoa izatea, besteak beste, hizkuntza hegemonikoen aurrean nola jokatu eta estrategia bateratu bat osatzeko, adibidez».