NAIZ

Erlaitzeko errepidearen itxiera behin betikoa izan daitekela ohartarazi dute

Erlaitzeko errepidearen behin-behineko itxialdia betirako izan daitekeela ohartarazi du Euskal Erlaitzeko Herritarren Elkarteak. Nabarmentzen dutenez, erabaki honek ondorio larriak izango lituzke inguruko herrietako biztanleentzat.

Langileak, gaur goizean, hiru astez itxita izanen den Erlaitzeko bidean.
Langileak, gaur goizean, hiru astez itxita izanen den Erlaitzeko bidean. (Patxi BELTZAIZ)

Astearte honetan abiatuko den eta ekainaren 7ra arte Erlaitzeko errepidean egingo den behin-behineko itxialdia betirako izan daitekeela ohartarazi du Euskal Erlaitzeko Herritarren Elkarteak. Donibane Lohizunetik Hendaiaraino kostaldetik doa bide hau.

Talde honek nabarmendu duenez, errepidearen itxierak arazo ugari ekarriko dizkie inguruko biztanleei. Hori dela eta Biriatu, Hendaia, Urruña, Ziburu eta Donibane Lohizuneko udalei «gogoeta egiteko, kanpo eraginik ez onartzeko, arrazoira itzultzeko eta gure bide ederra konpontzeko posizio argia hartzeko» deia egin diete. Antzeko jarrera eskatzen diete Lapurdiko kostaldeko eragileei eta Vincent Bru diputatuari.

Gauzak horrela, kostaldean ardura duten administrazioei ingurua hau ekologia ekonomiarekin, bertako biztanleekin, nekazaritzarekin eta «guztiontzako turismoarekin» uztartzeko eredua izan daitekela adierazi diete.

Honen aurrean, inguruko biztanleek behin-behineko itxieraren benetako helburuen berri ez dutela salatu dute Higadurari buruzko kanpainak egiten diren bitartean, agintariek itxieran egiten diren ikerketek errepidearen etorkizuna erabakiko dutela esaten dutela nabarmendu dute. «Hala ere, errepidearen itxiera indarrean dago hamar urtez, hau da, 2034 arte», azpimarratzen dute.

Hori dela eta, errepidea itxita dagoen bitartean egiten diren ikerketen emaitzak publiko egitea eskatu dute.

2010. urtetik trafikoari buruz egin dituzten ikerketa guztiek errepidearen itxierak arazo ugari sortuko lituzkeela ondorioztatzen dutela gaineratu dute.

Ondorioak

Errepide honen itxierari planteatzen zaizkion neurriak (autopistaren irteera berria Urruña Mendi-Txokon edo autobus edo tren gehiago paratzea) ez direla konponbideak uste du Euskal Erlaitzeko Herritarren Elkarteak.

Mendixkako zabortegiaren irekierak kamioien trafikoa hazi egingo duela gogoratu dute. Honekin batera, Pausu, Teilitubaita eta Larreako biribilguneak eta Urruña, Larruleta eta Leclerceko semaforoak «erabat saturatuak» izango dira.

Hendaiak, honekin batera, sarrera bakarra izango du, «langile, enpresa eta merkatariei kalte handia eraginez». Irunen eta Hondarribian ere eragina izango luke honek, ohartarazi dutenez.