Aurten, Joko Olinpikoak Parisen ospatuko dira uztailaren 26tik abuztuaren 11ra artean. Hori dela eta, joan den apirilaren 16an Olinpiako herriko grekoan piztutako zuzi olinpikoa Lapurdiko bost herritatik igaro da gaur goizean. Hain zuzen ere, hamabigarren etaparen hasiera izan da eta bost orduko ibilbidea egin du euri azpian Biarritz, Angelu, Donibane Lohizune, Baiona eta Hazparnetik. Ondoren, Paurantz joan da.
Dena den, ez da izan errelebo-lasterketa jarraitua. Izan ere, hainbat zuzi piztu dira jatorrizko sugarrarekin toki ezberdinetan. Era berean, herri bakoitzeko ibilbideak lau eta sei kilometro artean izan ditu, eta kirolari lotutako pertsona esanguratsuek txandaka eraman dute sua 200 metroko tarteetan.
Joan den astean Kazeta agerkariko editorialean zehaztu zutenez, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 180.000 euro ordaindu ditu ekimena antolatzeko eta polizia kopuru handia egon da segurtasun lanak egiten.
Lehen zuzia Biarritzen piztu da goizeko 8.00ak aldera. Hain zuzen ere, Euskaldunen kostaren ondoan hasi du ibilbidea eta Angelura iritsi da. Bertara, Landetako ordezkariak ere hurbildu dira. Itsasotik gertu joan da zuzi olinpikoa, eta surf munduarekin lotura duten pertsonek eraman dute. Esaterako, Bascs elkarteko Edouard Delpero eta Zoe Grospironek. Pro D2 mailan mantentzea lortu duen Biarritz Olympique errugbi taldeko jokalariak ere egon egon dira.
Hurrengo hitzordua Donibane Lohizunen izan da, 9.45ak inguruan. Badiatik heldu da Lapurdiko Arraun Taldearen traineruan. Portuan lehorreratu ondoren, ibilbide txiki bat egin du herriko karriketatik hondartzara iritsi arte. Bixente Lizarazu futbolari ohiak egin du azken erreleboa.
Baionan, berriz, errugbia izan da kirol nabarmenena, eta Zuzia Pierre Cacareigt estadioan piztu dute, hiriaren iparraldean. Aturri zeharkatu eta Baiona Ttipia inguratu ondoren, azken zatia Errobiko uretatik egin du Udaletxera. Izan ere, hiriko klub nagusiak Aviron du izena (arraunketa). Euri zaparradak erori diren arren, Street Art elkarteko hip-hop dantzariek animatu dute itxaronaldia.
Bestalde, EH Baik sare sozialetan azaldu duenez, hainbat ikurrina eta Nafarroako bandera jarri dituzte Baionako ibilbidean zehar baina poliziak «denak» kendu ditu. Salatu dutenez, «Euskal Herria ukatu eta bere buruaren jabe izateko aldarrikapen guztiak isilarazi nahi izan dituzte».
Zuzi olinpokoa
— EH Bai (@EHBai) May 20, 2024
Gaur EHBaiko kideek, hainbat ikurrina eta Nafar bandera jarri dituzte Baionako ibilbidean.
Frantses poliziak denak kendu ditu. Euskal Herria ukatu eta bere buruaren jabe izateko aldarrikapen guziak isilarazi nahi izan dituzte. pic.twitter.com/rmVuCoxMhL
Azken etapa barnealdean izan da, Hazparnen, hain zuzen ere. Pilota izan da protagonista, eta Azparren taldearen instalazioetan abiatu da euskal dantzen artean. Beste ibilbideak baino laburragoa izan da, eta herriko Urtxintxak atletismo elkartea izan da zuzi olinpikoa eraman duenetako bat. Hortik, Biarnorantz abiatu da.