Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Xabi Alonsok «neverkusen» goitizenetik askatu du Bayer

Bayer Leverkusen bost aldiz izan da Bundesligako azpitxapeldun. Horrek ingelesezko ‘neverkusen’ goitizena ekarri zion. Bada, aurten, Xabi Alonsoren eskutik, aurreneko liga irabazi du eta bihar Europa Leagueko finala jokatzen du, Atalantaren aurka. Bere bigarren titulu kontinentala eskuratu dezake.

Xabi Alonso, Bayer Leverkuseneko zaleen artean, garaipena ospatzen.
Xabi Alonso, Bayer Leverkuseneko zaleen artean, garaipena ospatzen. (Sascha SCHUERMANN | AFP)

Bizitza itzulinguruka aritzen da, gora eta behera, tarteka etapa lauei lekua eginda, arnasa hartu eta erronketara prest agertzeko. Behera noiz egingo duen zain, goraka ari da Xabi Alonso eta berarekin batera, Bayer Leverkusen. «Leverkusenekin historia egitea berezia da», esan zuen duela hilabete, matematikoki liga bereganatu zuenean. Zaleekin harmailetan besarkatzean, erabateko sintonian, agerian geratu zen xarma berezia. 2022ko urrian aspirinen taldearen gidaritza hartu zuenean, Bundesligako 17. postuan zegoen –azken aurrekoan– eta helburu nagusia, kalapita saihestea zen. 1979an elitera igo zenetik, ez du sekula maila galdu eta Alonso iritsi aurretik, gertu ikusten zuten zorigaiztoko gertaera.

Zorigaiztokoa saihestea erronka egingarria izan zitekeen, azken finean denboraldi erdi baino gehiago geratzen baitzitzaion Alonsori ibilbidea berbideratzeko. Gutxik aurreikusi zezaketen, ordea, urte eta erdi beranduago, liga irabaziko luketenik. Historiako lehendabiziko liga, “neverkusen” goitizenetik askatzeko garaikurra. Aurreneko liga irabazteko bidea, gainera, ez da izan nolanahikoa. Iaz, seigarren postuan bukatu zuen txapelketa nagusia, alegia, Europako lehiaketa jokatzeko aukera ematen duen posizioan. Horrez gain, Europa Leagueko txapelketan finalerdietaraino iritsi zen. Finala eskuko atzamarrekin laztandu zuen baina Jose Mourinhoren Romak kanporatu zuen. Ikasgai bat izan zen Alonsorentzat, bere mentoreetako baten eskutik.

«Etorkizuneko entrenatzaile bat aukeratu beharko banu, Xabi Alonso aukeratuko nukeen. Futbolaria zen aita batekin jaio zen eta entrenatzailea zen aita batekin hazi; gero bera ere futbolari bilakatu zen, noski, ni baino hobea. Jokoarekiko daukan ezagutza oso altuak dira. Espainiako ligan, Premierren, Bundesligan jokatu du eta entrenatzaile onak izan ditu: Guardiola Bayern-en, ni neu Real Madrilen, Ancelotti Madrilen baita ere, Benitez Liverpoolen... Guzti hori batzen baduzu, Alonsok baliabide asko ditu teknikari on bat izateko», esan zuen 2019an, hain justu, Mourinhok.

Aurten, mendekua hartuta –ez Mourinhori baina bai Romari–, eta pasa den urteko maiatzaren 23tik partidarik galdu gabe, Europa Leagueko finala ere erdietsi du. Bihar, asteazkena, da hitzordu nagusia, Atalantaren aurka (21.00etan, Dublinen).

Balentria hirukoiztu

Bundesliga jokalari eta entrenatzaile moduan irabazi duen bederatzigarren pertsona da Xabi Alonso. Hansi Flick, Niko Kovač, Thomas Schaaf, Matthias Sammer, Franz Beckenbauer, Felix Magath, Jupp Heynckes eta Helmut Benthaus figuren atzetik. Are eta sakonagoa izan daiteke tolosarraaren arrastoa, partidarik ez duelako galdu denboraldi osoan, 51 partida erreskadan. Europako txapelketak jokatzen direnetik (1955etik), inoiz erdietsi gabekokoa; Benficak 1963 eta 1965 artean lortutakoa baino luzeagoa (48 izan ziren).

Xabi Alonso, Bundesligako garaikurra zerura altxatzen. (Ina FASSBENDER/FOKU)

Gaur zoria aldatu daiteke edo balentria are loriatsuagoa izan daiteke, Europa League konkistatuz gero. Alonsorentzat lehendabiziko finala izango da entrenatzaile gisara. Eta bigarrena ere egun gutxi barru izango du, Alemaniako Kopakoa. Astebeteren buruan balentria hirukoiztu dezake, duela gutxira arte ‘neverkusen’ bezala ezaguna zen taldearekin, orain arte erakusleihoan, Pokal bat eta UEFA Kopako garaikur bana daukan taldearekin.

Jokalari bezala eskarmentu handiduna, entrenatzailearen bigarren eskua zelaian, argi zegoen behin futbolari ibilbidea bukatzean (2017an) aulkietara egingo zuela jauzi, Guardiolak futbolzaleak lasaitu zituenean esan legez: «Laster itzuliko da entrenatzaile modura eta edonora doala ere, ongi moldatuko dela seguru nago».

Real Madrileko harrobian hasi, Realeko bigarren taldearekin Bigarren Mailara igo eta segituan bereganatu zituen goi-mailako eskaintzak. Bere lehen esperientzia handian erein du hazia Alonsok eta aspirinen taldean jarraituko du, jokalari moduan Alemanian utzi zuen arrastoa handitu asmoz. Disfrutatzen eta lanean, bere mentoreek legez, futbola arnasten eta bizitzen.