NAIZ

Barrena: «Aitortzaz harago, pauso gehiago behar dira Palestinaren genozidioari amaiera emateko»

Pernando Barrena Europarako EH Bilduren hautagaiak ostegun honetan adierazi du Euskal Herriak «aspaldi» aitortu zuela Palestinako Estatua; eta azken egunetan egindako aitortza «berri pozgarria dela». Hala ere, «urrats ausartak» ematea falta dela uste du.

Pernando Barrenak eta EH Bilduko kide gehiagok Gernikatik baloratu dute palestinar Estatuari emandako aitortza.
Pernando Barrenak eta EH Bilduko kide gehiagok Gernikatik baloratu dute palestinar Estatuari emandako aitortza. (EH Bildu)

Gernikan izan da ostegun goiz honetan Pernando Barrena Europako Parlamentuko EH Bilduren hautagaia alderdi subiranistak Palestinar Estatuaren aitorpenaren inguruan duen iritzia plazaratzen. Azaldu du «berri pozgarria» dela Estatu Espainiarrak, Irlandak eta Norvegiak Palestinako Estatua aitortzea.

«Euskal Herriak aspaldi aitortua du Palestina. Maila sozial zein politikoan, kalean egindako mobilizazioetan zein instituzioetan onartutako adierazpenetan», adierazi du Barrenak. Eta «aspaldi eskatzen» zuten «pauso garrantzitsua» eman dela gaineratu du.

Palestinak Estatu bat izateko eskubidea eta beharra duela azaldu du Europarako hautagaiak, «palestinarrek haien etorkizunaren jabe izan daitezen eta urteetan sufritu duten zapalkuntzarekin amaitzeko». Hala ere, Barrenak nabarmendu du «aitortzaz harago» doazen prozesu gehiago eman behar direla: «Pauso ausartak gaur Palestinan bizi den egoerarekin amaitzeko, genozidioari amaiera emateko».

«Bide honetan, NBEren ebazpenei jarraipena eman eta Palestina nazioarteko komunitatearen baitan aktore normalizatu eta aitortua izan dadin dei egiten dugu», egin du aldarri Barrenak. Eta Euskal Herriarentzat Estatu bat eraiki nahi duten herritarrei publikoki erabaki hori babesteko eskatu die.

«Estatu palestinarra aitortzea justizia historikoaren kontua da, eta herrien eskubideak defendatzea ezkerreko indarren betebeharra da. Palestinan eta Euskal Herrian», esanez amaitu du bere hitzartzea EH Bilduko hautagaiak.