Dozenaka lagunek parte hartu dute ostegun honetan Gasteizen egin den ekintza antimilitaristan. Misilak bota dituzte birziklatzeko eduki ontzi baten barruan, Estatuko Aurrekontu Orokorrak egiterakoan armamentuan eta gastu militarrean egindako inbertsioak areagotu egin direla salatzeko, eta horren aurrean eragozpen fiskala aldarrikatu dute.
«Desmilitarizatzeko garaia da, desobeditzeko garaia. Eragozpen fiskalaren garaia da!», nabarmendu dute Gobernu Militarraren egoitzaren aurrean. Bertan gogoratu dutenez, «arma inbertsioak eta gastu militarra herritarren bizi-kalitatea hobetzeko partidetara bideratutako aurrekontuaren kalterako dira, hala nola osasuna, hezkuntza, etxebizitza, gizarte zerbitzuak, krisi klimatikoaren aurkako borroka, genero desberdintasuna edo kultura».
Gainera, «Espainiako Estatuaren, EBren, NATOren eta mundu osoaren jite militarista horrek mundu gerrazale eta ez seguruago batera garamatza. Arma karrera honek gatazka berriak sortzeko aukerak areagotzen ditu. Historian zehar, askotan egiaztatu dugu gerra prestatzeak, ezinbestean, gerrara garamatzala eta bakea, horretarako prestatuz baino ez dela lortzen».
«Gure esku dago prestaketa horiei aurre egitea: gure gorputzak ukatuz, gure buruak ukatuz eta gure baliabideak ukatuz gerrarako lasterketa hau elikatzeko. Horrela, inoiz baino baliagarritasun handiagoarekin proposatzen dugu eragozpen fiskala gerraren eromenari eta haren prestakizunei desobedientziaz erantzuteko bide gisa», gaineratu dute.
Izan era, «eragozpen fiskala, egitura militarrak ematen duen segurtasun faltsuaren aurrean benetako segurtasuna eraikitzeko bitarteko gisa aurkezten da». «Eraiki dezagun, finantza dezagun eragozpen fiskalarekin, segurtasun integral bat, benetan merezi dituzten eskubideak eta askatasunak bermatzen laguntzen duten erakunde eta proiektu alternatiboak babestuz», azpimarratu dute ekimenean parte hartu duten sindikatu, GKE eta elkarteek.
Antolatzaileen artean dira Auzoan Bizi, Argitan, Armiarma, AZET Etxebizitza Sindikatua, BATU Elkarlaguntza Sarea, CNT Bilbao, Ekologistak Martxan, Elkarlaguntza Sarea Galdakao, ESK, Finantza Haratago, Irola Irratia, ISF Euskadi, Jauzi Ekosoziala, Kakitzat, KEM-MOC, Lumaltik Herriak, Mugarik Gabe, Mundubat, Setem Hego Haizea, REAS, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Posada de los Abrazos eta Zehar-Errefuxiatuekin.