EH Bilduren koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik Europako hauteskundeak «ziklo politikoaren aldaketari beste bultzada bat emateko aukera» direla esan du, «Euskal Herriak bere nazio ahotsa altxatzeko Europan».
Datorren ekainaren 9an izango diren Europako hauteskundeetarako kanpainaren hasiera ekitaldian hitza hartu du Otegik, Bilboko Areatzan. Pernando Barrena zerrendaburua ere bertan izan da eta «herrien Europa bat» eta «Europa aske bat» defendatzen dituztela esan du.
«Euskal Herrian bere etorkizunaren alde egin duen borroka faxismoaren, inposizioen eta herrien eta pertsonen askatasunak mugatzen dituztenen aurkako borroka izan da beti. Gurea borroka antifaxistaren erebu bat da, gotorleku bat, ultraeskuindarren gorrotoraren eta mehatxuaren aurkako batasun eta konpromiso irmoaren gotorleku bat», adierazi du Barrenak.
EH Bildurena «konpromiso eta bokazio nazionala duen hautagaitza» dela erantsi du Otegik. Lehen indar politikoa izan daitekeen hautagaitza «errepublikarra, sozialista, antifaxista eta subiranista» direla azpimarratuz, hauteskunde hauek Europan «Euskal Herriak bere nazio ahotsa altxatzeko» aukera direla ere esan du.
Gainera, Kataluniako eta Galiziako alderdiekin batera aurkeztuta, «bestelako Europa baten aldeko apustua egiten duen hautagaitza» direla nabarmendu du, «Espainiako Estatuaren izaera plurinazionala» aldarrikatuko duena.
Idurre Bideguren senataria eta ERC eta BNGko ordezkaritza ere ekitaldian izan dira.