NAIZ

EAJk PSErekin babestutako Urdaibaiko Guggenheimen aurka egitera deitu du Irene Monterok

Datozen Europako hauteskundeei begira Podemosek Urdaibaiko Biosferaren Erreserban egindako ekitaldian, Irene Montero zerrendaburuak Guggenheim zabaltzeko proiektuaren aurka egiteko deia zabaldu du, «euskal eskuina», EAJ, kritikatuz.

Urdaibai babesteko deia zabaldu du Irene Monterok erreserbatik bertatik.
Urdaibai babesteko deia zabaldu du Irene Monterok erreserbatik bertatik. (ELKARREKIN PODEMOS)

Irene Monterok, datorren ekainaren 9ko Europako hauteskundeetarako Podemoseko zerrendaburuak, Guggenheim Museoa Urdaibaiko erreserbara zabaltzeko «makroproiektuaren» aurka egitera deitu dio euskal gizarteari; PSEren «babesarekin edo, gutxienez, isiltasunarekin» EAJk babestutako proiektua dela kritikatu du.

Ostiral honetan izan da Montero Urdaibaiko Biosferaren Erreserban eta, berarekin, Pilar Garrido EAEko Podemoseko koordinatzaile nagusia, Luismi Lapeña Podemoseko hautagaia, Eneritz de Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Elkarrekin Podemoseko bozeramailea eta Richar Vaquero batzarkide bizkaitarra izan dira.

Madrilgo Gobernuko ministro ohiak adierazi duenez, Busturialdera joan da eskualdeko bizilagunei eta Biosferaren Erreserbaren alde eta Guggenheim Museoa Urdaibaira zabaltzearen aurka mobilizatzen direnei babesa emateko.

«Gaur, Biosferaren Erreserba honetan gaude, toki hau defendatzen ari diren auzokide eta erakundeei babesa emateko. Euskal eskuinak, euskal sozialismoaren isiltasunarekin, lurralde hau kaltetzea defendatzen du, paduren pribatizazioa dakarren Guggenheim batekin. Euskal gizarteak aurka egin behar dio», adierazi du Irene Monterok.

Bere ustez, proiektua «herrialde honetako erreserbarik garrantzitsuenetako bat arlo publikotik babestearen» aurka doa. «Makroproiektu hori geldiaraztea ez ezik, ahalik eta babes juridiko handiena ematea ere beharrezkoa dela uste dugu», gaineratu du.

Podemoseko hautagaiak berretsi duenez, «bizi garen mundua zaintzen laguntzeko lurraldeak behar duen babes juridiko gorenaren aurka doaz erabat».

Hori dela eta, Irene Monterok babesa eman die biosferaren erreserba hori «babesteko eta defendatzeko gorputza jartzen ari direnei», «esku pribatuetatik» babesteko eta «putreek, espekulatzaileek, gizarte osoaren eskubideekin negoziorik egin ez dezaten».