NAIZ

Marieniako lurren defentsan hamabi oreneko egitaraua prestatu dute Kanbon

Marienian aurreikusitako higiezinen egitasmoa alboratuz bertako lurrak laborantzarako atxikitzearen aldeko mezua pasatuko dute, larunbatean, Kanbon. Auzia gori-gori delarik, hamabi oreneko egitaraua prestatu dute Lapurdiko herrian.

Marieniako lurren defentsan antolaturiko mobilizazio dinamika berpiztu nahi dute larunbatean iraganen den ekimenaren bidez.
Marieniako lurren defentsan antolaturiko mobilizazio dinamika berpiztu nahi dute larunbatean iraganen den ekimenaren bidez. (Guillaume FAUVEAU)

Goizeko 10:00etatik gaueko 22:00etara egitaraua anitza prestatu diute, maiatzaren 25erako, Kanbon. Marieniako eremuan aurreikusitako higiezinen egitasmoa alboratuz bertako lurrak laborantzarako atxikitzearen aldeko mezua zabalduko dute, beste behin ere, Lapurdiko herrian.

CADE, ELB, ELB gazte, Lurzaindia, Nahi Dugun Herria eta Ostia sarea elkarlanean aritu dira ekimen horren prestaketetan.

Kanboko Bernadette Jougleux merkatuan eman dute hitzordua, «hamabi orduz, Marieniako borroka elkarrekin irabazteko».

Marienian ehun bat etxebizitza eraikitzeko egitasmoa ez da berria.

Hamar urte bete dira, hain zuzen, herrian ika-mika dezente piztu arren Herriko Etxeak irmoki defendatu duen proiektua abian eman zenetik.

Kanboko herria etxebizitza berrien beharrean dagoelakoan argudiatuta, tokiko erakundeak atzera bota ditu bata besteren atzean egitasmoaren aurka eragile ezberdinek eginiko eskakizunak.

Hala eta guztiz ere protestekin aurrera egin dute egitasmoa begi onez ikusten ez duten herritarrek.

Oroitzearren, urte berriari begirako agiantzak azaltzeko agiantzen zeremonia baliatu zuten herritarrek, urtarrilean protesta sinboliko bat egiteko Kanboko Herriko Etxean.

Hala, Marienian harturiko lurrarekin zaku txikiak banatu zizkieten herri kontseilariei.

«Zuen esku artean duzuen lurren lagina balore handikoa da, zaindu ezazue!», agindu zieten herriko hautetsie banaturiko agiri baten bidez.

Aste batzuk lehenago, 2023ko abenduaren 12an, Herriko Kontseilura bertaratu eta Marieniako higiezinen egitasmoa bertan behera uztea galdetu zuten banderola bat zabalduz.

Izan ere, zeresan handiagoa eman du, dudarik gabe, joan zen apirilaren 10ean eginiko protestak.

Marieniako lurretan bazka lortzen duten ardiei emandako ezkilak eta baita makilak ere entzunaraziz Udalaren biltzarra eten egin zuten militanteek.

Izan ere, protesta amaieran jendarmeak pleno aretoan sartu ondoren, tirabirak izan ziren eta, testuinguru tenkatu horretan, herriko auzapeza arinki zauritu zen lurrera erorita.

 

Marieniako egitasmoa salatzeko iragan apirilaren 10ean Kanboko Herriko Etxean eginiko ekimena grabatzen du jendarme batek. (Guillaume FAUVEAU)
Marieniako egitasmoa salatzeko iragan apirilaren 10ean Kanboko Herriko Etxean eginiko ekimena grabatzen du jendarme batek. (Guillaume FAUVEAU)

Handik egun batzuetara hamarnaka hautetsik parte hartu zuten Christian Devezerekin elkartasunean antolaturiko elkarretaratze batean.

Gertakari hori ez zuela argitasun osoz kondenatu egotzita, eskualdeko sei hautetsik Kanbon herri hautetsia izateaz gain Euskal Elkargoaren baitan Errobiko lurralde eremua ordezkatu duen Peio Etxeleku jeltzalearen dimisioa eskatuz gutuna igorri zioten Jean-Rene Etxegarairi.

Euskal Elkargoko buruak joan zen astean jakinarazi zion Peio Etxelekuri kargua utzi beharko zuela.

Anartean, Marieniako egitasmoa arbuiatzen duten kolektiboen lau militanteri 500 euroko isuna ezarri die berriki Baionako Auzitegiak.

Era berean, laurek elkarrekin Bouygues agentziari 5.954 euro ordaindu beharko dizkiote kalte-ordain gisa, bere Angeluko bulegoan emana zuen Marieniako proiektuaren maketaren gainean lurra bota zutelako egitasmoa salatzeko eginiko ekintza batean.

Gaur kazeta.eus atariak jakitera eman duenez, Bouygues taldeak helegitea aurkeztuko du delibero horren aurka kalte-ordainengantik ezarrirako kopurua «ez delako aski».

Egun osoko programa

Testuinguru berezi horretan iraganen da larunbatean Marienian antolaturiko programa.

Goizeko 11:00etan, ‘Marienia: zertan gara? Nola irabazi?’ leloa duen mahai-inguru batekin abiatuko da egun osoko programa. 13:00etan aperitifa eta bazkaria izanen dira, eta 15:00etan tailerrak abiatuko dituzte. 

17:00etan ibilaldi erreibindikatiboari ekinen diote eta horren amaieran Marieniako lurretan «sorpresa» bat izanen dela aurreratu dute antolatzaileek.

19:30etik eta 22.00ak arte kontzertuak izanen dira.