NAIZ

Ultrei balazta eta nazioei masta jartzera doaz abertzaleak Europara

Europako bozetara aurkeztu diren taldeek kanpaina abiatu dute Euskal Herrian. EH Bilduk, EAJk, PSEk eta PPk ekitaldi bana egin dute eta, eskuinak salbu, denek gauza bera nabarmendu zuten: ultraeskuina geldiarazteko beharra. Alta, bada bereizten dituen alderik: abertzaleak nazioen aitortza bila doaz.

Pernando Barrena, EH Bilduren hautagaia, koalizioak Bilbon egin zuen kanpaina hasierako ekitaldian.
Pernando Barrena, EH Bilduren hautagaia, koalizioak Bilbon egin zuen kanpaina hasierako ekitaldian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Europar Legebiltzarreko hauteskundeek gainerako bozek baino jende gutxiagoren interesa piztu ohi dute, baina atzo ahalegin berezia egin zuten alderdiek, Euskal Herrian egin zituzten ekitaldietan argazki jendetsuak aurkezteko. EH Bildu, EAJ eta PSEk kanpaina hasierako ekitaldi bana egin zuten atzo arratsaldean, eta botoa erakartzeko amu bera erabili zuten hirurek: ultraeskuina geldiarazteko premia. Helburu bera duten arren, lortzeko bermerik behinen gisara nork bere burua seinalatzen du, eta nazioen borroka berezituetan dago aldea.

Bilboko Areatza aukeratu zuten EH Bilduk eta PSEk datozen bi asteetako hauteskunde kanpaina abiatzeko. Koalizio abertzaleak Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia, Pernando Barrena Europako hauteskundeetarako zerrendaburua eta Idurre Bideguren senataria eraman zituen Bizkaiko hiriburura, eta helburu anbiziotsu bat ezarri zuten ekainaren 9ako bozetara begira: EH Bildu Hego Euskal Herriko lehen indarra izan dadila.

Orain Errepublikak aliantzan ERC eta BNGrekin batera egun Europan dituen hiru eserlekuak mantentzea jomuga izanda, koalizioak bi zeregin nagusi beteko ditu Estrasburgon, atzo ekitaldian nabarmendu zutenez: ultraeskuinaren aurka borrokatzea eta Estatu espainiarraren izaera plurinazionala aldarrikatzea, hauteskunde hauek Euskal Herriak «bere nazio ahotsa» Europan altxatzeko abagunea ematen dutela ulertuta, Otegiren esanetan.

Ildo horretan, Europako Legebiltzarrean Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea sustatuko duela hitzeman zuen Barrenak.

«Euskal Herriak bere etorkizunaren alde egin duen borroka faxismoaren, inposizioen eta herrien eta pertsonen askatasunak mugatzen dituztenen aurkako borroka izan da beti. Gurea borroka antifaxistaren eredu bat da, gotorleku bat, ultraeskuindarren gorrotoaren eta mehatxuaren aurkako batasun eta konpromiso irmoaren gotorleku bat. Herrien Europa defendatzen dugu eta Europa aske bat babesten dugu, erreakzionariorik eta joera inboluzionistarik gabea», adierazi zuen Barrenak, Legebiltzar europarrean duen aulkia atxikitzeko aukerak dituen hautagaiak. EH Bilduko europarlamentariak bestelako itu batzuk ere finkatu zituen atzoko agerraldian. Esan zuen bide diplomatikoa defendatuko duela gatazken testuinguruan, eta exijitu zuen amaitu dadila «behingoz» Palestinaren kontrako genozidioa. Genozidioa egiten ari den estatuarekin, Israelekin, harreman guztiak apurtzearen alde egin zuen.

Idurre Bidegurenek ekarri zituen ekitaldira koalizioak bozetan jarrita dituen esperantzak. «Lehen indarra izan nahi dugu –baieztatu zuen–, Pernando Barrena euskal gizartearen ahotsa izatea nahi dugulako Europako Parlamentuan».

EAJ, ezker-eskuinaren kontra

Eurodiputatu izateko «erronka handia» ilusioz hartuko duela esan zuen Oihane Aguirregoitia EAJren hautagaiak, atzo Hondarribian egindako ekitaldian. Erronka horrek berarekin dakar, Agirregoitiak zehaztu zuenez, «muturreko populismoak» borrokatzea.

«Aurrean izango gaituzte, eta etxeko lanak eginda, benetako arazoentzako proposamen erreal eta zehatzekin», agindu zuen hautagaiak. Iragarri zuen, gainera, bere taldeak «euskal lobby gisa» jokatu nahi duela Europan eta «orain arte lortutakoa arriskuan jartzen duten muturreko mugimenduak» geldiarazi nahi dituela.

Europa «bateratua eta mugarik gabea» defendatu zuen, eta adierazi, ezin dela onartu «Euskal Herria bi estatutan banatuta geratzea eta, orain arte gertatu den bezala, bere mugen itxiera pairatzea».

PSE: «PPk Mileirekin [Argentinako presidentearekin] estreinatu du kanpaina. PPren aliatuek motozerrari heldu diote, murrizketa drastikoei, desberdinekiko erdeinuari eta gutxien dutenekiko desaireari

Ekitaldian izan zen Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria ere, eta honek, ultraeskuinaz gain, «ultraezkerra» ere borrokatu behar dela aldarrikatu zuen.

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak, aldiz, botoa ematearen garrantzia jarri zuen mahai gainean: «Botoa eman behar da, eta aukera europeisten alde bozkatu behar da, Abascal, Meloni edo Le Penek Europa hondamendira eraman ez dezaten», esan zuen.

PSE eta PP, lantzak banatzen

Bestelako marko batzuk erabili zituen Idoia Mendia PSEko hautagaiak ultraeskuina geldiarazteko diskurtsoa osatzeko, eta datozen bozetan aurkari izango duen PPren kontra egiteko baliatu zuen ekitaldia. «PPk Mileirekin [Argentinako presidentearekin] estreinatu du kanpaina. PPren aliatuek motozerrari heldu diote, murrizketa drastikoei, desberdinekiko erdeinuari eta gutxien dutenekiko desaireari. Hori da babesten duten modelo berria. Hori da lortu den guztiarentzako arriskua. Hori da hautetsontzietan, gure botoekin, borrokatu dezakeguna. Eta aukera erreal bakarra dago hori geldiarazteko: boto sozialista», ziurtatu zuen.

Ildo berean hitz egin zuen Eneko Andueza alderdiko idazkari nagusiak eskuin espainiarrari buruz. «Espainia moderazioz blaitu behar zuen Feijooren PPk ultraeskuinez blaitu du», ohartarazi zuen.

Estatu espainiarrera begiratu zuen PSEk gehienbat Bilboko ekitaldian, baina baliatu zuen tarte bat talde abertzaleei botoak ebasten saiatzeko ere. Hala, hautagaitza abertzaleen nahiak hondatzeko hitzak izan zituen Mendiak, esan baitzuen ekainaren 9ko bozek ez dituztela ezein «aspirazio nazionalista konponduko».

Norabide desberdinetan, baina lantza berberak jaurtitzeko aprobetxatu zuen PPk kanpainako lehen ekitaldia, Bilbon hau ere: Carlos Iturgaiz Europarako hautagaiak aurkari zuzenari (PSE) egotzi zion Estatua «Europan ahulago izatera» eraman duela Madrilgo gobernutik, «abertzaleek nahi bezala Espainia apurtzen» ari delako.