Aipatutako horien guztien arteko elkarlanak San Nikolas ikastolaren balioak transmititu nahi izan ditu, hala nola euskalduntasuna, kooperatibismoa, gertutasuna eta aniztasuna. Bide batez, elkarrekin lan eginda gauza harrigarriak lortzeko gai direla aldarrikatu eta erakutsi nahi izan diote euskal gizarte osoari. Baina ez hori bakarrik, abestiaren letrak keinu argi eta zuzena egin nahi izan dio Getxon 1978. urtean ospatutako Bizkaiko ikastolen aldeko lehen ekitaldiari. Garai hartan euskaltzale haiek erakutsitako kemenari eta ilusioari eusteko deia egin nahi izan dute.
Kantuaren hitzen egileak, aldiz, ALBE Algortako Bertsolari Eskolako kide eta ikastolako ikasle-ohiak, irakasleak eta gurasoak izan dira, eta letra horien bidez ere ikastolaren balioak islatu nahi izan dituzte, baita herritarrak euskaraz bizitzera bultzatu ere. Bestalde, ikastola eta herriaren arteko loturari keinua egiten diote hitzek. Azken batean, Getxo euskalduna dela, eta ahalegin horretan indartsu dagoela adierazten du kantuak.
Energia eta baikortasuna
Abestia ez ezik, aurtengo ekitaldiko bideoklipa ere grabatu dute. Antolatzaileek onartu dutenez, grabaketa prozesua hunkigarria bezain zirraragarria izan da, eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea eta inplikazioa txapela kentzeko modukoa.
Grabaketak Algortako zenbait toki esanguratsutan eta San Nikolas ikastolako instalazioetan bertan egin dituzte. Horietan ikasleek, irakasleek, langileak, gurasoek, ikasle ohiek eta herriko Getxoko hainbat taldetako pertsonek parte hartu dute elkarlanean eta IN-komunikazio agentziaren zuzendaritzapean.
Grabaketa prozesua, hortaz, mardula bezain oparoa izan da eta, orotara, hiru eguneko denbora tartea hartu behar izan dute behin betiko produktua sortu ahal izateko. Azken emaitza energiaz, kolorez eta baikortasunez betetako bideoklipa izan da, eta ikastolaren nortasuna eta balioak ederki islatzen dituena.
Aurkezpen hunkigarria
Iragan martxoaren hasieran egin zuten aipatutako abestiaren eta bideokliparen aurkezpena Algortako Muxikebarri antzokian. Eraikineko aretoa jendez lepo bete zen eta emozioz eta sentipenez betetako ekitaldia bizi izan zuten bertaratutakoek.
San Nikolas ikastolatik igarotako Asier Hormaza aktorea eta Itxaso Paya bertsolaria izan ziren aurkezpena gidatu zutenak.
Oholtza gainera igo ziren, besteak beste, ikastola horretako Txaramela musika eskolako kideak eta Dantzarte dantza taldeko partaideak. Biek ala biek aho bete hortz utzi zituzten ikus-entzuleak, eta momentu gogoangarri eta zirraragarriak eskaini zituzten. Izan ere, Txaramelako musikariek talentu handiko hiru interpretazio ikusgarrirekin liluratu zuten publikoa eta Dantzarteko dantzariek, berriz, erritmoz betetako koreografia bikaina taularatu zuten.
Horiez gainera, aipagarria da Lide Hernando, Liher taldeko abeslariak eta beste zenbait laguntzailek kantua sortzeko prozesuan izandako parte hartzea.
Modu horretan, San Nikolas ikastola komunitateko kideen indarra eta talentua agertu ahal izan zituzten, eta elkarlanaren bidez gauza ikusgarriak egiteko gai direla demostratu zuten.