AGIRRE 21
LARRAZABAL 22
«Bero handia egiten zuen eta oso gogorra izan da, baina oso pozik nago». Ezin gehiago esan Iker Larrazabalek, neurri handi baten ahora bapo lehortu zaiolako. Orotara 262 pilotakada eta ia 70 minutuko borrokaren ostean, Amurrioko aurrelariak lortu du Buruz Buruko B Serieko txapela. Asier Agirrek ere merezimendurik egin du Labrit bere etxean txapela lortzeko, baina ezin txapelik erdibanatu eta azken tantoan, biak ere hondoa noiz joko, Arrotxapeako aurrelariak ezker gantxoa kanpora bidali du. Larrazabalek eraman du azken tantoko ekimena, sakea Agirrek atera badu ere. Arabarrak ez du arriskurik hartu nahi izan eta atzean sartu nahi izan dio tantoa iruindarrari. Hala, Agirrek kale edo bale errematea bilatu du eta nabarmen kanpora alde egin dio. Erresistentzia kontua izan da, azkenean, Larrazabali garaipenaren giltza.
Denak gozatuz ekin dio partidari Asier Agirrek eta Larrazabalek tantoaren agintea hartu duen aurreneko aldian, ezker paretean gora botata amaitu du artabarrak tantoa. Iruñeko pilotariak ideiak oso garbi ekarri ditu bere «etxeko» finalera eta ideiak garbi izateaz gain, kolpez oso fresko ere kantxaratu da, finalaren bezperetan Larrazabalen joa nabarmendu bada ere.
Akordatzerako, markagailua 4-0 jarri du Asier Agirrek, baina aurreneko aukera ona errebotean tantoa amaitzeko baliatu du Iker Larrazabalek, eta hurrengoan, sake bueltan txokoan dejada eginez amaitu du. Hasierako zalantzak atzean lagata, amurriko semea iritsi da B Serieko finalera.
Frontoi osoko finala izanagatik, biak ala biak lau eta erdiaren barruan botez jokatzen ikustea adierazgarria izan da. Aurkariari oinetara jokatzea izan da bien xedea, arerioaren airezko jokoaren beldur, nonbait. Pilotakadatik pilotakadara, izan ere, ia tarterik ez baitute izan ezta kantxan kokatzeko ere. Atzetik 4-0 hasi bada ere, Iker Larrazabalek sakez egin duen bere aurreneko tantoarekin 4na berdintzea lortu du eta hurrengo tantoan, berriz, errebotean bere bigarren pilotakada sartu eta gero, aurreneko abantaila lortu du: 4-5.
Eman beharraren eman beharraz, Larrazabalek berriz ere goregi bota du pilota, eta behin 5na parean jarri eta gero, abantaila berehalakoan berreskuratu du aurrelari nafarrak, sakez. Izan ere, buruz buruko lanek horixe baitute, tanto bolada luzeak kateatzeko aukera. Batez ere, Agirreren mesedetan esan behar sakez sekulako mina eman diola Larrazabali, errestoaren bueltan zernahi egiteko aukera izan baitu. Horrez gain, Iker Larrazabalek botez egin dituen errestoetan, saihetsetik jotako pilotakada pare bat txapapera joan dira. Amurriokoari kanpora alde egindako eskuinkada batek 9-5 jarri du markagailua Agirreren alde eta, bada, etenaldia eskatu du Larrazabalek, B Serieko finalari berriz ere neurrian hartu nahian.
Zuzen eta egoki jokatzea nahikoa izan du Agirrek aldea zabaltzeko, baina bote-lasterrean kanpora joan zaio pilotakada iruindarrari eta halakoren baten, 10-6koa ezarriz, Larrazabalek lortu du sakea berreskuratzerik.
Berehala antzeman da sakea eskuz aldatu den unea. Boleaz txokoan txikitzera edo atzera ezker horman itsatsiz, Amurrioko aurrelariak indarra, poza eta finaleko tenperatura berreskuratu ditu. Ia zortzigarren koadrotik airez pilota eraman ezinik geratu ostean, Asier Agirrek eskatu du etenaldia, Larrazabal 10-9 hurbildu zaiolako.
Ez da 10nako berdinketarik izan, ordea. Ezker hormara itsatsi zaio Agirreren azken pilotakada Larrazabali, botez sartzea nahiago izan duelako. Alabaina, oraingo honetan ez da nafarraren ihesaldirik izan; lurrean zilipurdika ibili dira biak ala biak, txapa gainean kostata sartu diren zenbait pilotakadaren ostean, eta azkenean Larrazabalentzat tantoa. Hori ez ezik, sakez 11na berdindu du finala eta aurreneko atsedenaldi luzera 11-12 aurretik iritsi da arabarra, aurrean Asier Agirre dantzan erabili eta gero, tantoa atzean amaituz.
Nekatu bai; erori ez
Atsedenalditik bueltan, 21 pilotakada jo dituzte pilotari biek, partidako luzeena eta gogorrena, eta arabarra ez omen da pilota berriarekin oso pozik geratu, nahiz eta ezker gantxoz bikain amaitu duen Larrazabalek zabalean.
Aurrenekoz, markagailuan aldea hartu du Larrazabalek, nekeak erasanda Asier Agirrek dejada txapapera bota ostean. Aurrelari nafarrak maila bikaina eman du, baina Larrazabal piloteoan dominatzaile izan delarik, nekea kontu eske pasa zaio Agirreri. Akordatzerako, 11-15 aurretik ikusi du bere burua Amurrioko aurrelariak.
Pilotari urdinak finala bere alde erabat irauli du, baina defentsako lan bikainak 12-16 hurbiltzeko modua eman dio Asier Agirreri, ezkerrez zabalean tanto aparta eginda. Labriteko zaleen gehiengoak ere piztualdia izan du orduan, ez baitu etsi Iruñeko semeak, eta sakez 14-16raino hurbiltzea lortu du, neurri baten Larrazabalen sotamanozko errestoa behera joan delako.
Jose Mari Palacios ‘Ogeta’ handiak zioen azken tantoak egitea dela zailena; are gehiago Asier Agirre bezalako pilotari borrokalari bat aurrean denean. Boleaz kale egin du Amurriokoak eta 15-16 aurkaria hurbildu zaiola ikusita, atsedenaldia eskatu du Larrazabalek, atzetik segika nabaritu dituen mamuei ihes egin nahian. Baina mamu izan edo ez, errebotean amaitu du 16nakoa Arrotxapeako aurrelariak, Larrazabalen amorraziorako.
Azken txanpa
Alabaina, eskuin sotamanoa goregi joan zaio Agirreri ezker horman, azken atsedenaldi luzearen atarian. Larrazabalek, ordea, ez du oparia baliatu eta hurrengoan Amurriokoak berak behereegi bota du pilota, biak ala biak majo nekatuta. Hala, sakez tantoa egin ostean, 18-17 Asier Agirrek hartu du abantaila azken atsedenalditik bueltan B Serieko finalaren azken txanpari ekiteko.
Hemeretzigarrena ere sakez egin du aurrelari nafarrak, baina hurrengo tantoan kale egin du Agirrek, kontrakantxara alde egin baitio bere pilotakadak. «Azken lau tantoak sakez!» bota dio botileroak Larrazabali eta arabarrak jaramon egin dio, nonbait, 19nakoa sakez erdietsi baitu; baita hurrengoa ere: 19-20.
Larrazabalen zaleei ia bihotzekoak eman die azken-aurreko tantoan Amurriokoak bota duen dejada ikusita, betilearen neurrian kokatu baitu pilota txaparen gainean: 19-21 eta sakea urdinarentzat. Orotara, 18 pilotakada jo dituzte, baina Asier Agirrek eutsi egin dio eta Larrazabalen hutsegitea behartu du, eskuinkadak kanpora alde egin baitio azkenean.
Eta 21nakoa ere erdietsi du Agirrek, ezkerrez zabalean dejada bikain amaitu eta gero, nahiz eta berez tantoa Larrazabalek menperatu duen. Botileroek ere nahikoa lan izan dute beren mutilak animatu eta hauspotzen. Sakea Agirrek eta Labrit zutik. Tantoa Larrazabalek menperatu du berriz ere, baina ez du aurrean ezer jakitetik nahi izan. Agirrek, kale edo bale, berak amaitu nahi izan du, baina kontrakantxara ihes egin dio esker gantxoak. Batek bakarrik irabazi behar eta Amurriokoa izan da, zutik iraun duelako.
PARTIDAKO FITXA
Iraupena: 67.00 minutu. Pilotakadak: 262. Sakez: 5 Agirrek eta 5 Larrazabalek. Egindakoak: 8 Agirrek eta 10 Larrazabalek. Galdutakoak: 7 Agirrek eta 8 Larrazabalek. Markagailua: 1-0, 4-0, 4-1, 4-5, 5-5, 10-5, 10-6, 10-9, 11-9, 11-10, 11-11, 11-12; 11-16, 12-16, 16-16, 16-17, 17-17, 18-17; 19-17, 19-18, 19-21, 21-21, 21-22. Gorabeherak: B Serieko Buruz Buruko Txapelketako finala, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Giro bikaina, batez ere, Agirreren alde, baina bizpahiru pankarta atera dituzte arabarraren zaleek. Dirua parean, Agirreren alde. Aurreneko sakea, gorri.