Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Svalbard artxipelago estrategikoko azken lursail pribatua, geopolitika eta negozio artean

Artikoko Svalbard artxipelagoan esku pribatuetan dagoen azken lursaila salgai dago. Norvegiarena da subiranotasuna, baina 1920ko itun batek ustiaketarako askatasuna ematen die hainbat potentziari. Txinak erosi dezake, Errusiak presentzia nabarmena du eta horrek NATOren interesekin talka egiten du.

Artikoan, espazio estrategikoa da berezko istorioa gortdetzen duen Svalbard artxipielagoak.
Artikoan, espazio estrategikoa da berezko istorioa gortdetzen duen Svalbard artxipielagoak. (Jonathan Nackstrand | AFP)

Norvegia kontinentalaren eta Ipar Poloaren arteko bidearen erdian, Svalbard balio geopolitikoa eta ekonomikoa handitu duen eskualde batean aurkitzen da, Errusiaren eta Mendebaldearen arteko tentsioak larriagotu eta itsas izotzak atzera egin ahala.

Zaila da iparralderago joatea. Ezinezko iparralderago gizakiak topatzea. Bertan ere, zaila. Izan ere, errezagoa da hartzak aurkitzea pertsonak baino. 3.000 hartz daude eta 2.700 gizaki. Søre Fagerfjord lurrak, artxipelagoaren hego-mendebaldean, 60 kilometroko lautada eta mendia ditu. Nolanahi ere, azpiegiturarik gabe dago, baina glaziar bat eta 5 kilometroko kostaldea ditu. Gaur egun 320 milioi dolarren truke eros daiteke.

«Svalbardeko azken eremu pribatua da eta, dakigunez, Ipar Handi osoan», dio saltzaileak ordezkatzen dituen Per Kyllingstad abokatuak. «Txinatarrak, berez, erosle potentzialak dira, Artikoarekiko eta Svalbardekiko benetako interesa erakusten dutelako aspalditik», dio, eta herrialde horretatik «interes seinale zehatzak» jaso dituztela ziurtatu du.

2018an eskualdeari eskainitako liburu zuri batean, Txinak bere burua «Artikotik gertu dagoen» estatu gisa definitu, eta gero eta paper garrantzitsuagoa izateko asmoa du.

Svalbard gauza arraro bat da nazioarteko politikan: herrialde bakar batek gobernatutako lurraldeen bilduma bat, baina herrialde ezberdinetako pertsona eta indar armatuen esku dagoena. 1920an, gerra arteko garaian, Norvegiak Svalbard artxipelagoaren eta haren lurralde-uren gainean duen subiranotasuna onartzen duen alde anitzeko ituna sinatu zuten, baina estatu kontratugile guztietako enpresa nazionalek eskualdeko baliabide naturalak eskuratzeko eskubide-berdintasuna bermatzen du. Ituna sinatu zuten 46 herrialdeen artean Txina dago.

Itun horren ondorioz, asentamendu independente batzuk sortu ziren, hala nola Errusiarena den Barentsburg edo 1998an abandonatutako Pyramiden hiria, gaur egun hiri fantasma dena. Errusiak lur horietan du Trust Arktikugol enpresa estatala, ikatz-zainak ustiatzen jarraitzen duena. Baina garaiak aldatu egiten dira, eta, subiranotasunaren jeloskor, Norvegiak begi txarrez ikusiko luke Søre Fagerfjord atzerriko herrialde baten eskuetan erortzea. Are gutxiago Txinaren eskuetan, Norvegiako inteligentzia zerbitzuek Errusiaren ondoren erresumaren aurkako atzerriko mehatxu nagusitzat jotzen dutena.

Svalbard irla. (Yutaka Tobo / Europa Press)

Irla honek badauka bere historia. Hemen isilpeko operazio batean, Alemania naziaren armadaren behaketa meteorologikoko destakamendu bat kokatu zen, Spitzbergen iparraldean. Zerbitzu garrantzitsuak eskaini ondoren, amore ematen azkenak izan ziren, 1945eko maiatzeko alemaniar kapitulaziotik hilabete batzuetara.

Era berean, Svalbarden topa daiteke Munduko Hazien Bankua edo Hazien Ganbera Globala, mundu osoko milaka laborantza-landareren lurpeko biltegi erraldoia da. Munduko hazi-biltegirik handiena da. 2008an inauguratu zen, tokiko edo munduko hondamendia gertatuz gero elikagai gisa balio duten labore-espezieen biodibertsitatea babesteko.

Svalbard ere zero eremua da hondamendi potentzial horietako batentzat: Bere batez besteko tenperatura batez besteko globala baino sei aldiz azkarrago igotzen ari da, eta horrek klima aldaketari buruzko elkarlanerako toki ezin hobea bihurtzen du.

Hazien Bankuaren ondoren, Arctic World Archive sortu zen, gizateriaren historia osoa erakusten duten dokumentuen artxiboak meategi zahar baten barruan gordetzen dituena.

Balio estrategikoa, ez ekonomikoa

Svalbardeko industria nagusia, historikoki, Norvegiak eta Errusiak partekatzen dituzten ikatz-meategien ustiapena izan da. Gaur egun meatze operatibo bakarra geratzen da, eta teorian 2025ean itxiko da. Beraz, lurraldearen balio ekonomikoaren gainetik egonen litzateke estrategikoa. Izan ere, gaur egun turismoak eta ikerketak pisu handiagoa hartu dute bertan.

Hala ere, Groenlandia, Islandia edo Faroe uharteak bezala, Svalbard Txinaren miran agertzen da. «Zeta Polarraren Ibilbidea» ezartzeko borondatea adierazi du behin baino gehiagotan. Planetaren batezbestekoa baino hiru aldiz azkarrago berotzen den Artikoan, bankisaren atzerakadak aukera ekonomikoak irekitzen ditu: arrantza-eremu berriak, itsas ibilbide komertzial berriak, eta baliabide fosil eta mineraletarako sarbide errazagoa.

Honela, lehian dagoen lurraldera itzuliz, Estatuko fiskalak lagapen prozesua bertan behera uzteko ohartarazi zien jabeei. Tokiko komunikabideen arabera, norvegiar nazionalizatutako errusiar batek kontrolatutako enpresa bat da jabea. «Lurra ezin da saldu Norvegiako agintarien akordiorik gabe», dio Cecilie Myrseth Merkataritza eta Industria ministroak. «Jabetzari buruzko negoziazioak hastea ere ezinezkoa da», gehitzen du.

Estatuak 1919an emandako mailegu zahar baten klausuletan oinarritzen da argudioa. Baina, Kyllingstaden arabera, baldintza horiek preskribatuta daude. Norvegiak Svalbarden % 99,5 du, eta lurraldearen zatirik handiena, Søre Fagerfjord barne, eraikuntzak eta desplazamendu motordunak debekatuta dauden gune babestu gisa sailkatu zuen.

Baina saltzaileek ez dute modu berean ikusten eta 1920ko ituna aipatzen dute. «Alde guztiek eskubide berberak izan behar dituzte», azpimarratu du Kyllingstadek, Norvegiak Longyearbyen artxipelagoko hiriburuan etxebizitzak, aireportua eta portu-instalazioak eraiki zituela argudiatuz. Zehazki, 1920ko dokumentuan, besteak beste, Europar Batasuneko (EB) hogei estatu kide baino gehiago biltzen dira, eta Svalbard inguratzen duten uren baliabideetarako sarbide zuzena eta ez-diskriminatzailea ematen die alde guztiei, komertzialki ustiatzen diren espezie guztien arrantzari dagokionez.

«Imajina ezazue Norvegiak orain jarduerak in situ murrizten dituzten araudiak hartzen dituela, Hirugarren Mundu Gerra litzateke», dio saltzaileak ordezkatzen dituen abokatuak.

Aurrekariak

Fridtjof Nansen Ikerketa Institutuko Andreas Østhagenen arabera, Søre Fagerfjorden lurrak «gutxieneko» balio ekonomikoa du, eta haren balizko lagapena ez da Norvegiarentzat «mehatxu handia». Baina «Svalbarden lurra edukitzeak balio estrategikoa izan lezake 50 edo 100 urtetan», azpimarratu du.

Txinak interesak dituela baieztatzea, bere ustez, «Norvegiako agintariak erreakzionatzera behartzeko trapu gorria da», iritzi du.

2016an, Gobernuak 36 milioi dolar inguru ordaindu zituen, Longyearbyen inguruan, Svalbardeko azkenaurreko lur pribatua erosteko. Orduan ere, Txinako inbertitzaileen interesa pizten zuela zabaldu zen.

Søre Fagerfjord-eko lurren inguruan galdetuta, Jonas Gahr lehen ministro norvegiarrak, AFPri egindako adierazpenetan, «tentsio militarrak» ukatu zituen. «Ez nuke esango proban jartzen gaituztenik, baina gero eta interes handiagoa dago Artikoan, bai inguruko herrialdeetan, bai urrunago daudenetan».

Horrek kritikak ekarri zizkion, inoiz berretsi ez zituzten argudioengatik engainatuak izan zirela uste zutenen aldetik. 2018 eta 2019 artean, Estatua ere saiatu zen Søre Fagerfjord erosten, baina negoziazioak gelditu egin ziren. Cecilie Myrseth ministroaren arabera, bere ateak irekita jarraitzen du baldintzak «errealistak» badira.