NAIZ

Steilasek «lekuz kanpokotzat» jo du hizlari baten hitzaldia EHUk bertan behera uzteko saiakera

Steilasek EHUko Errektoretzari leporatu dio unibertsitateko Kode Etikoa erabiltzea kongresu bateko hizlari baten aurka, eta «lekuz kanpokotzat» jo du saiakera. Errektoretzak Ainhoa Ozaeta preso ohiaren hitzartzea bertan behera uztea eskatu zion antolakuntzari, Covitek galdegin ostean.

Eva Ferreira, artxiboko irudi batean.
Eva Ferreira, artxiboko irudi batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Steilas sindikatuak ohar baten bidez salatu du EHUko Errektoretza taldearen hizlari baten aurka egin izana. «Lekuz kanpokoa» dela iritzita, azaldu dute ez dutela ulertzen «bere eskubide pertsonal eta zibil guztien jabe den pertsona baten jarduera akademikoa oztopatzeko ahalegina». Ainhoa Ozaeta preso ohiak gorabeherarik gabe hartu zuen parte ‘Subirotasuna(k) aztergai’ kongresuan joan den ostiralean, Errektoretzak Coviteren eskaera bere egin bazuen ere, antolatzaileei hitzartzea bertan behera uzteko galdeginda.

Sindikatuak «harridura» agertu du Errektoretza taldearen erantzunarekiko, orain arte kontrako jarrera agertu omen baitute antzeko egoeren aurrean. Horrela, leporatu diote «presio mediatikoaren aurrean makurtu» izana eta presio hori egiteaz arduratu diren hedabideei «gezurrak» zabaltzea aurpegiratu diete .

Eva Ferreira Errektoreak berak X sare sozialean duen profilean eman zuen saiakeraren berri, ostiralean. Hizlariaren izen-abizenak eman zituen, besteak beste, eta argi utzi nahi izan zuen kongresuaren antolatzaileei eskatu zietela hitzartzea bertan behera utzi zezatela, baina ez zutela erantzunik jaso. Unibertsitatearen Kode Etikoaren aurkakotzat jo zuen Ferreirak mintzaldia, iritzita hizlariak ez duela «inolako saiakerarik egin unibertsitateak berezko dituen terrorismoaren aurkako balioak onartzeko» eta gaineratu zuen haren parte hartzeak «aldartean mina» eragiten duela.

Berriki onartu du EHUk Kode Etikoa eta Steilasek uste du ezin dela erabili «unibertsitatearen izaeraren muinean dagoen izpiritu kritiko eta sortzailearen bultzatzaile izatearen printzipioaren kontra» jokatzeko. Izan ere, sei printzipiok eusten diote Kode Etikoari, sindikatuak berak nabarmendu duenez: «Berdintasuna, askatasuna, egia, errespetua, zerbitzu publikoa eta gizartearekiko konpromisoa eta jasangarritasuna». Halaber, honako konpromisoak hartzen ditu bere gain, besteak beste: «Bakea, justizia eta elkarbizitza demokratikoa».

Steilasen aburuz, printzipiook ezin dira erabili «bergizarteratzeko beharreko pausu guztiak emanak dituen pertsona bat baztertzeko», eta hizlariaren «eskubide eta integritatearen» aurkako erasotzat jo du bertan behera uzteko saiakera. Horrela, sindikatuak EHUri galdegin dio ez dezala «Kode Etikoa zentzu hertsian interpretatu».