Azkenaldian, Euskal Herriko entrenatzaileak zeresana ematen ari dira nazioartean. Ingalaterran, esaterako, denboraldiko entrenatzaile onenen zerrendan hiru euskaldun egon dira: Unai Emery, Mikel Arteta eta Andoni Iraola. Datorren denboraldian Julen Lopetegi batuko zaie. Alemanian, berriz, Xabi Alonsok Bundesliga eta Kopa irabazi ditu Bayer Leverkusenekin. Sekulako lorpena izan da; nahiz eta, Europa Ligako finala galdu.
Jose Luis Mendilibarrek ere bere tokia egin du zaratarik atera gabe. Hain zuzen ere, Europako titulu bat irabazteko aukera izango baitu bigarren urtez jarraian. Iaz Sevillarekin egindakoa errepikatu du Olympiakosekin: noraezean zihoan talde bat hartu, eta Konferentzia Ligako finalera sailkatu du.
Zaldibarren sortutako teknikariak 63 urte ditu. Eskola zaharreko entrenatzailea da. Ziur asko, berak ere ez zuen espero azken bi denboraldietan bizitzea egokitu zaiona. Hogei urte baino gehiago daramatza Lehen eta Bigarren Mailako futbol taldeak zuzentzen -Eibar, Athletic, Osasuna, Alaves, Valladolid eta Levante-, baina erretiroa gertu ikusten zuenean heldu zaio tituluak irabazteko unea. Zeinek esango zion, pandemia garaian, Eibarrekin Bigarren Mailara jaitsi eta talde armagina utzi zuenean? edo, 2022an, hamabi partidaren ostean Alavesetik kaleratu zutenean?
Horren adierazgarri, joan den denboraldian Sevillarekin irabazitako Europa Liga. Iparra galdua zuen talde bati norabidea zuzentzea lortu zuen, umiltasun eta naturaltasunaren bidez gogor lan eginda. Horrelakoa izan da beti Mendilibar: argi hitz egin duena eta zintzoa. Zaleen artean jasotako onespena ikusita, talde andaluziarraren agintariek berritzea proposatu zioten. Hala ere, aurtengo denboraldi hasieran azkar bota zuten.
Sen ona eta hurbilekoa
Atzeko atetik atera zen arren, segituan jaso zuen berriro entrenatzen hasteko deia Greziatik. Olympiakos noraezean zihoan, denboraldi erdian bi entrenatzaile -Diego Martinez eta Carlos Carvalhal- kanporatu ondoren, eta Mendilibarrengana jo zuten otsailean.
Hiru hilabete nahikoa izan ditu egoera irauli, eta Europan bidea egiteko. Sevillan bezala, sen ona izan da miraria egiteko erabilitako edabea. Inolako su-artifizialik edo sistema berririk asmatu gabe, futbolari bakoitza bere postuan jokatzen jarri du eta edozeini aurre egin diezaioketela sinestarazi die. Zaldibarko aztia motibatzaile aparta da, jokalariengana hurbiltzen daki eta ez ditu zoratzen.
Mendilibarren joko-eredua aski ezaguna da, euskal futbolaren erakusgarri diren oinarrizko kontzeptuak baitira: intentsitatea eta oldarkortasuna lehia guztietan, aurkariak estu hartzeko; eta baloiaren jabetza bereganatzean, zuzen jokatu, gola azkar egitea bilatuz.
Era berean, beldurrik gabe jokatzea eskatzen die, eta horrela gainditu dituzte kanporaketak. Esaterako, Tel Aviveko Maccabi taldearen aurka sekulako balentria egin zuten. 1 eta 4 galdu zuten joaneko partida, baina itzuleran 1 eta 6 irabazi zuten luzapenean. Final-laurdenetan, aldiz, penalti jaurtiketetan gailendu ziren Fenerbache talde turkiarraren kontra.
Dena den, garaipen loriatsuena finalerdietan erdietsi zuten Unai Emeryk zuzentzen duen Aston Villaren kontra. Ingelesak Txapeldunen Ligan jokatzeko sailkatuta egon arren, greziarrek bi partidak irabazi zituzten. Ezustekoa eman zuten joanekoan etxetik kanpo (2-4), eta Pireon ere garaile atera ziren (2-0). El Kaaby aurrelari marokoarrak erakustaldia egin zuen. Taldeko golegile nagusia da txapelketa ezberdinetan, eta 32 gol daramatza.
Eskarmentua bi taldeetan
Etxe ondoan arituko da Mendilibarren Olympiakos, Atenaseko AEKren zelaian, hain zuzen. Edonola ere, lehen aldia izango da Pireoko futbol taldea Europa mailako final batera iritsi dena. Jokalarien artean, ordea, eskarmentu handikoak daude. Azpimarratzekoa da Vicente Iborra erdilari beteranoaren kasua. Izan ere, lau Europa Liga irabazitakoa baita Sevilla eta Vila-realekin.
Parean izango duten Fiorentinan ere jokalari garrantzitsuak daude. Besteak beste, Bartzelonan aritutako Arthur Melo erdilari brasildarra, Nico Gonzalez argentinarra edo Italiarekin Eurokopa irabazitako Belotti aurrelaria.
Horrez gain, joan den denboraldian Konferentzia Ligako txapeldunordeak izan ziren. West Ham talde ingelesaren aurka galdu zuten finala. Iaz, Italiako Kopa ere galdu zuten, eta hogei urte baino gehiago daramatzate titulurik irabazi gabe. Azken hamarkadetan gorabehera ekonomiko handiak izan baititu. Historiari erreparatuz gero, Fiorentina Errekopa bat irabazitakoa da 1961an, eta UEFA txapelketako finala ere jokatu zuen 1990an.
Bestalde, Biraghi kapitainak nabarmendu duenez, martxoan hildako Joe Barone zuzendari orokorrari eskaini nahi diote garaipena. Jokalarientzat aita bat modukoa zela azaldu du.