Ekainaren 9ko hauteskundeei begira lehen sektoreari Europako politiketan «merezi duen garrantzia» eman behar zaiola defendatu du EH Bilduk, sektore «estrategikoa» denez, tratamendu berezia eman behar zaiolakoan.
Hori aldarrikatzeko bi ekitaldi egin ditu asteazken honetan koalizio subiranistak, Iruñean eta Agurainen. Iruñean Adolfo Araiz foru parlamentariak hartu du hitza eta Agurainen Itxaso Etxeberria legebiltzarkideak. Lehen sektorea «ahultzen» ari dela eta «arazo larriak eta egiturazkoak» dituela ohartarazi dute.
Baserritarren eta abeltzaintza eta nekazaritza sektoreen bizimodua errazteko, burokrazia sinplifikatzea eta merkataritza libreko akordioak berrikustea «funtsezkoa» dela esan dute. EH Bilduren ustez, «onartezina» da Euskal Herriko ekoizleei baldintza jakin batzuk eskatzea, kontrol fitosanitarioak kasu, produktuak beste herri batzuetatik ekartzen direnean exijitzen ez direnak.
«PAC edo nekazaritza politika bateratuak ekoizpen intentsibo eta industrialei bakarrik egiten die mesede, eta alde batera uzten ditu ustiategi txiki eta ertainak, hain justu kalitatezko elikagaien ekoizpena ziurtatzen dutenak, lurraldea kohesionatzen dutenak eta gure biodibertsitatea bermatzen dutenak. Gertuko ezagutzatik garatu behar da, Euskal Herrian eta baita Europan ere, lehen sektorerako politika eta planak», adierazi dute.
Horregatik, egun Europan indarrean dagoen nekazaritza politika aldatu nahi du koalizioak, «eraginkorra izan dadin eta ustiategi txikiak, familiarrak, babesteko eta mantentzeko balio dezan, kalitatezko elikagaiak ekoizten jarraitzeko eta euren bideragarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa bermatzeko».
Lehen sektorea Euskal Herriko Elikadura Burujabetza lortzeko «estrategikoa» dela gaineratu dute biek ala biek. Horretarako, «tokian tokiko estrategia jasangarriak bultzatzeko konpromisoa dugu, elikagaien ekoizpena eta eraldaketa bidertsifikatzeko eta hurbileko kontsumoa sustatzeko».