NAIZ

‘KAKA’ proiektuak irabazi du AEK-Korrikako II. Kultur Sorkuntza Beka

Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizolaren ‘KAKA’ proiektuak irabazi du AEK-Korrikako II. Kultur Sorkuntza Beka. Ohi bezala, 24. korrikako egitarau kulturalaren barruan aurkeztuko da.

Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizol AEK-Korrikako II. Kultur Sorkuntza Beka jasotzen.
Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizol AEK-Korrikako II. Kultur Sorkuntza Beka jasotzen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

24. Korrika Kulturalak badu, dagoeneko, ekitaldi nagusia: ‘KAKA’. Gaur goizean aurkeztu dute AEK-Korrikako II. Kultur Sorkuntza Bekako irabazlea, Bilboko Zazpi Kaleetako Bira Tabernan. Beka horrek Korrika Kulturalaren egitasmo nagusia taxutzen du , eta 23.000 euroko aurrekontua du. Haren bidez, euskal kulturatik sortutako euskarazko ekoizpenak bultzatzea du helburu AEK- Korrikak.

‘KAKA’-ren ordezkari gisa, Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola aktore nagusiek hartu dute parte agerraldian, Ane Elordi Korrikako arduradun nagusiarekin batera. I. Bekaren irabazleak ekarri ditu gogora Elordik, balantzea eginda: «Balorazio positiboa egin dugu, milaka herritar gerturatu dira Badon ikuskizun berritzailea ikustera, eta aurrerantzean ere ziur ibilbide oparoa izango duela».

Epaimahaia Lutxo Egiak, Gari Garaialdek, Izar Mendigurenek, Oier Zuñigak eta Maia Muruagak osatu dute, eta, Elordik azaldu duenez, ondoko hauek izan dira, aurkeztutako 14 proiekturen artean, ‘KAKA’ saritzeko arrazoiak: «Euskal Herri osorako ikuskizuna izatea, euskaradunentzat zein ikasten ari direnentzat; hizkuntzaren erabilerari eman zaion garrantzia; moldagarria izatea, formatu, espazio eta baliabide aldetik; eta, azkenik, sormen-lana izanda, oraindik sortu gabeko zerbait izatea».

Agirrezabalak eta Olaizolak eman dituzte komedia horren inguruko zertzeladak. Besteak beste, aurreratu dute «ganberroa, jostaria zein probokatzailea» izango dela. Korrika Kulturalaren barruan, 2025eko azarotik 2026ko apirilera bitartean antzeztuko da, Euskal Herriko hainbat eszenatokitan.