Euskal Herriko Gazte Feministak izena hartu du neska* gazteen sareak

Euskal Herriko Neska* Gazteak sarea sortu zenetik zortzi urte beteko dira laster, eta bidean eman dituzten eztabaidek eta egunerokoak «izena eta izana» aldatzera eraman ditu. Euskal Herriko Gazte Feministak izena hartuko du aurrerantzean, subjektu politikoa aldatzea erabaki dutelako.

Errenterian egin dute agerraldia gazte feministek.
Errenterian egin dute agerraldia gazte feministek. (Jon Urbe | FOKU)

«Euskal Herriko Gazte Feministak» zihoen olana handi baten azpian egin dute agerraldia larunbat goiz honetan Errenterian 100 gaztek baino gehiagok. Bertan iragarri dute, ordura arte Euskal Herriko Neska* Gazteak sareak izena aldatu duela, «subjektu politikoa aldatzea» erabaki dutelako, eta aurrerantzean Euskal Herriko Gazte Feministak izena erabiliko dutela; sareko kideak elkartzen dituena ez delako «neska» izatea, feminista izatea baizik.

Azaldu dute mugimendu baten subjektua ez dela «egun batetik bestera» aldatzen, eta EHN*G sarea ere ez dela «salbuespena» izan. Elizondoko Baterajotzean mahaigaineratu ziren «egonezin eta gatazkak», eta Usurbilgo Baterajotzean mahai inguru zentralera eraman zutela eztabaida «bertan proposatu eta kolektiboki berretsiz subjektu politikoa aldatzearen erabakia». Gaineratu dute urriaren 14 hartatik, eztabaida politikoak «praktika eta estrategia militanteetan zein forma hartzen duen» hausnartzen aritu direla.

Egindako bideari erreparatuz «eraldaketa gaitasun ikaragarria» osatzen duela sareak aitortu dute, baina testuinguruak eta estrategiak aldatzen doazela: «Ez gara betiereko estrategia puruen zaleak, ez ditugu gustuko akatsik ez duten teoriak, dena azaldu nahian ezer azaltzen ez dutenak». Eta ondorioz, «gaitasuna biderkatzeko» subjektu politiikoa eta izena aldatzea erabaki dutela azaldu dute.

«Aldaketa hau neska identitatearen eta heterosexualitatearen problematizaziotik abiatzen da», esan dute eta beraien ustez emakumea zer den argitu dute: «Bizirauteko gizartearen beste erdiarentzat dohainik lan egiteak egiten du bat emakume. Eta lan hori erregimen heterosexualean egikaritzen da; horregatik, emakume izatea ez da ezer biologikoa, ezer berezkoa ezta desiragarria ere».

Feminismoa elkargune

Sareko kide asko «neska gisa» sozializatzen direla onartu dute, baina badela bestelakorik ere: «Patriarkatuak sortu dituen emakume-gizon kategoria dikotomikoak gainditzen dutenak, zis heterosexualitatearen disidentziatik». Hala ere, sozializazioak sozializazio, aldarrikatu dute guztiak ari direla «emakume klasearen alde, bere desagerpenera iritsi arte».

«Neska izateak» ez dituela sareko kideak elkartzen aldarrikatu dute, feminista izateak elkartzen dituela, «sistema iraultzeko eta berri bat eraikitzeko nahiak eta konpomisoak». Proiektu politiko batek eta patriarkatuagatik zapalduak izatea eta «bere aurka egiteak», elkartzen dituela gaineratu dute,

Izen eta irudi aldaketak «helduleku» berri bat ematen dietela kontatu dute. «Izena eta izana aldatzera goaz», ohartarazi dute. Eta bide horretan iruditegi, kolore eta formak ere aldatuko dituztela; deformatu eta hautsiko direla esan dute, «beriro elkartzeko».

«Subjektu politikoaren aldaketak, patriarkatua ulertzeko markoa berrezartzeko abagunea irekitzen du. Emakume identitatearen problematizazioak, diskurtsoak berritu eta erradikalizatzekoa. Euskal Herriko Mugimendu Feminista arnas berritu eta astintzekoa, erronka berriei toki eraberrituetatik eustekoa, borrokak hauspotzekoa eta gaitasun eraldatzaileak biderkatzeko», azaldu dute amaitzeko.