NAIZ

Manifestazioa egin dute Trintxerpen, Escalerillaseko 12 familiaren etxegabetzearen aurka

Manifestazio egin dute gaur Trintxerpen, Pasaian, Escalerillas eraikinetik kaleratu nahi dituzten 12 familiei babesa adierazi eta etxebizitza alternatiba bat eman diezaieten eskatzeko. Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitu du mobilizazioa eta bizilagun ugari batu zaizkie.

 

Manifestazio jendetsua egin dute.
Manifestazio jendetsua egin dute. (Jon URBE | FOKU)

Trintxerpeko kaleak bete dituzte dozenaka lagunek gaur eguerdian, Escalerillas bloketik kaleratu nahi dituzten 12 familiei babesa agertu eta haientzako etxebizitza alternatiba bat galdegiteko, Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta. Etxebizitza aterabide bat bilatzearen alde 2.000 sinaduratik gora bildu dituzte.

Escalerillas Pasaiako Trintxerpe auzoan dagoen eraikin bati eman zaion izena da. Mende erditik gora daramate bertan, eta une honetan etxegabetu nahi dituzten 12 familiak bizi dira. Portuarenak dira lurrak, espainiar Gobernuaren eskumenekoak, beraz, eta portuko langileei eta haien familiei alokairuan etxebizitzak eskaintzeko eraiki ziren. Haietako batzuk zendu dira dagoeneko, baina etxeetan haien senideak bizi dira.

Orain, ordea, eraikina bota nahi dute EuskoTrenek trenbidea eraiki dezan portura arte merkantzia garraiatzeko. Abenduan jaso zuten bizilagunek abisua, aurretiaz zurrumurruak entzunak bazituzten ere. Bi egoera desberdinetan daude Escalerillasen bizi diren familiak: batzuek indarrean dute kontratua, portuko langileak edo haien bikoteak bizi direlako oraindik; beste batzuk langile horien ondorengoak dira, etxebizitza horretan jaioak eta alokairua ordaintzen jarraitu dutenak indarrean kontraturik izan gabe ere.

Bertan bizitzeko eskubidea ukatu zitzaien 2017aren bueltan, Macarena Olonaren ekimenez. Espainiar Estatuaren abokatua zen EAEn garai horretan eta, beraz, baita portukoa ere. Gerora Vox alderdi ultraeskuindarraren buruetako bat izan da Olona.

Kontratua indarrean daukatenei kalte-ordaina eskaini diete, «miserabletzat» jo dutena Gipuzkoan etxebizitzaren aferarekin dagoen arazoa kontuan hartuta. Gainontzekoei ez diete ezer eskaini. Ekainera arte eman diete haien gauzak batu eta ospa egiteko epea, baina ez daukate horrelakorik egiteko asmorik behar bezalako konponbiderik eskaintzen ez dieten artean.