Euskal Eskola Publikoak «politika ausartak» behar dituela aldarrikatu dute Ordiziako jaian

Euskal Eskola Publikoen 31. jaia hartu du igande honetan Ordiziako Urdaneta eskolak. Hamarkada hauetan lortutako balion jarri dute, baina aurrera begira «politika eta erabaki ausartak» eskatu dituzte.

‘Publikoa aI do!’ lelopean abiatu da igande goiz honetan Euskal Eskola Publikoen 31. jaia Ordizian. Goizean goizetik jendea auzolanean zebilen arren, 11.00etako irekierarekin eman diote egunari hasiera. Euri zaparrada batekin abiatu da eguna, baina festa hastearekin batera atertu du: «Xirimiria zaparrada bihurtuko duten neurri eta politika ausartak behar ditugu», defendatu dute.

Urdaneta eskolak 50 urte bete ditu aurten, eta guraso elkarteko kideek abagunea aprobetxatu dute bertaratutako politikariengana zuzentzeko: «Gaur euskara, aniztasuna, publikotasuna aldarrikatzeko eguna da, baina begietara begira esan nahi dizuet: politika eta erabaki ausartak eskatzen dizkizuegu». Besteak beste, Ordiziako alkate Adur Ezenarro, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza eta Jokin Bildarratz Hezkuntza kontseilaria zeuden oholtzan.

Irekiera ekitaldiari hasiera emateko dantzatu behar zuten haurren urduritasuna nagusi zen Barrena parkean. Aurkezpenen eta esker hitzen ostean, Arkaitz Aburto Euskal Herriko ikasleen gurasoen elkarteko lehendakariak hartu du hitza, eta orain arteko bidea txalotu du, eta hurrengo urtertarako erronkak zerrendatu ditu: «Publiko hitzaren esanahia berreskuratu eta balioan ipini behar dugu, guztiona eta guztiontzat». igarrenik inklusioa eta ekitatea bermatzea eskatu du, «eredu merkantilistatik aldendu eta balioetan zentratuz».

Hirugarrenik administrazioaren «erabateko mendekotasunetik» askatu behar dela gaineratu du. Eta amaitzeko, euskarari begira jarri da: «Lortu dugu D eredua eskola guztietara zabaltzea, orain ikaskuntzaren kalitatea handitzea dagokigu».


Aurrera begirako eztabaidak

Ordiziako eskola publikoa «Euskal Herriko herri eta auzoen islada da, muturrera eramandako isla», Maria Albisu guraso elkarteko lehendakariaren hitzetan. Izan ere, 30 jatorri ezberdinetako umeak eta 20 hizkuntza baino gehiago hitz egiten direla kontatu du, «egoera zaurgarrian dauden familiak ditugu, euskara ez dakiten herritar ugari, baina hori ez da arazoa, aukera da, aberastasuna da». Eta herritarren zein ikastetxeen arteko «desorekei» konponbidea aurkitzeko unea dela aldarrikatu du, eta horretarako inplikazioa eskatu die erakundeei.

Ekitaldian, ikastetxeko ordezkariak eta ordezkari politikoak ez ezik, ikasleak ere igo dira oholtzara.
Ekitaldian, ikastetxeko ordezkariak eta ordezkari politikoak ez ezik, ikasleak ere igo dira oholtzara.

Ezenarro Ordiziako alkateak, Urdaneta ikastetxea herrian «zutabe garrantzitsua» dela adierazi du, eta etengabeko aldaketan dagoen eremua izatea txalotu Bildarratz hezkuntza sailburuak: «Ikastetxeak gizartearekin batera aldatu behar dira, gizarte sare indartsu bat behar dugu, eta gu pozik egon behar gara egindako bilkaeraz». Eztabaidak etorkizunera begira ematea dagokioela nabarmendu du, eta ez iraganari begira.

Eskola publikoaren aldarria non nahi


Ekitaldia amaitzeko Urdaneta eskolako ikasleak igo dira oholtzara eta hainbat aldarrikapenekin batera paperezko hegazkinak bota dituzte, beraien nahiei bide emanez. 2025ean Euskal Eskola Publikoen jaia antolatzeko lekukoa Urduñak jaso du.

Goiz erditik aurrera eguraldiak giroarekin batera egin du hobera, eta Barrena parketik gainontzeko hiru guneetara zabaltzen hasi dira bertaratutakoak. ‘Euskal eskola publikoaz harro’ zihoten kamiseta aldarrikatzaileak ikus daitezke non nahi, eta familia giroa da nagusi Ordizian.

Plaza Nagusian perkusio feministak Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunari eman die bidea, eta bazkari gunea ere jada zabalik dago. Eta goizean goizetik Beti Alai pilotaleku ondoan bertaratutako guztie jaten emateko bazkaria prestatzen ari ziren.

Jose Migel Barandiaran plaza nerabeen ekintzek girotu dute goizen zehar, gimnasia erritbikoa, saskibaloia, errugbia... Eta arratsaldean ere festak ez du etenik izango, Goxua´n Salsa zein Duplaren musikak girotuko dute plaza nagusia, eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango da Barrena parkean zehar.