Baionako Bernat Etxepare Lizeoak irabazi du Estatu frantseseko eskolarteko txapelketa. Eskubaloian lehiatu dira eta partidarik galdu gabe biribildu dute txapelketa. Aurreko astean lehiatu ziren, Bourg de Péage udalerrian, maiatzaren 28tik 31ra bitartean.
Fisikoki esfortzu handia suposatu duela onartu zuten protagonistek Irulegiko Irratian (Euskal Irratiak) eginiko elkarrizketan. Hainbeste partida hain epe laburrean jokatzeak, asko eskatzen du, «baina plazer handiz gaude jokatzen», onartu zuten.
Final-laurdenak Marseillako Marie-Madeleine Fourcade lizeoaren aurka jokatu aurretik, Etxepareko jokalariek harro adierazi zuten beraien helburua «ikurrina errepresentatzea» ere bazela. Harrotasunez erakutsi dute ikurrina zein partida orotan, bai eta finala irabazi ostean ere. «Euskarak irabazi du», zioen Selaurua Betez ekimeneko X kontuak. Eta bertan argitaratu dute Etxepare Lizeoko jokalarien ospakizuna ere, euskal dantzak eta euskara presente daudela.
Hau da poza. Biba neskak!
— Selaurua Betez (@selauruabetez) May 31, 2024
Estatu mailan lehenak菉♀️聾 pic.twitter.com/2KfpNf4Xpy
Estatu frantseseko Lizeo indartsuen aurka lehiatu dira, Marseillakoa eta Orleans-ekoa kasu. Multzoen fasean Toulousen aurka ere lehiatu ziren, iazko mendekua hartuta eta beraz, garaipen horrek balio izan zuen zerbait polita gertatu zitekeela ohartzea. Bada, halaxe egin dute lapurtarrek. Finalean, Orleans-Tours departamentu akademikoko Lycée Durzy-ren aurka irabazi zuten, 28-17 markagailuarekin.
Orotara, emakumezkoen kasuan, 16 talde lehiatu dira txapelketa honetan; Estatu frantseseko txoko anitzetako lizeoak, alegia. Versailles, Rouen, Estrasburgo, Creteil, Lyon, Caen, Limoges, Grenoble, Lille, Aix Marseille, Toulouse (bi talde), Dijon, Nancy Metz eta Orleans-Tours departamentu akademikoek izan dute ordezkaritza txapelketa honetan, Baionako Bernat Etxepare Lizeoarekin batera.
Errugbian, MEEK finalean
Estatu frantseseko eskolarteko txapelketan izan da beste euskal talderik, errubian hain zuzen ere. Manex Erdozaintzi Etxart Kolegioko mutikoak finaleraino sailkatu ziren baina Boulognen aurka ezin izan zuten garaipena erdietsi. Dena dela, sekulako emaitza da hau kolegio honentzat ere.
Hirugarren eta laugarren mailako ikasleekin osatutako taldea izan da, propio txapelketa honetarako osatua eta lagunartean jokatzearen plazera nabarmendu zuten Euskal Irratietan protagonistek, ikasle zein irakasleek.
UNSSeko finalerat heldu dira MEEKeko mutikoen errugbi-taldea eta Bernat Etxepare lizeoko nesken eskubaloi-taldea.
— Irulegiko Irratia (@irulegi_irratia) May 31, 2024
Mikroa luzatu diegu haien bizipenak biltzeko:https://t.co/lPFKAtuFls pic.twitter.com/u2TTsJb83J