Arnaitz Gorriti

Zazpi urte kanpoan eman eta gero, Ane Olaeta antolatzailea Lointek Gernika Bizkaiara itzuli da

Oso gazte zela debuta egin zuen talde granatearekin, baina 2016/17 denboralditik aurrera etxetik urruti ibili da: Kalifornian lehenengo, unibertsitate ikasketetan murgilduta eta NCAAn jokatzen, eta azken bi urteetan Lugoko Ensino taldearekin. Hauxe da bizkaitarrek egin duten hirugarren fitxaketa.

Ane Olaeta berriz ere Gernikan, da zazpi urte eta gero.
Ane Olaeta berriz ere Gernikan, da zazpi urte eta gero. (Jon URBE | FOKU)

Zazpi urte etxetik urrutik eman eta gero, Ane Olaeta (Gernika-Lumo, 1999/05/13) Lointek Gernika Bizkaiko jokalari izango da 2024/25 denboraldian. Antolatzaile bizkaitarra etxera itzuliko da eta klubaren hirugarren fitxaketa da datorren sasoirako, Kendra Chery eta Laura Westeriken ostean. Lucas Fernandezen taldeak, beraz, bost jokalari ditu dagoeneko datorren denboraldiari begira, Itziar Ariztimuño eta Marta Alberdik taldean jarraitzen baitute.

Lointek Gernika Bizkaia taldeko harrobian hazi eta hezita, gernikarrak 2016/17 denboraldian debutatu zuen Emakumezkoen Endesa Ligan elastiko granatearekin. «Ni beti izango naiz Malosten hazi zen neskato hura eta, era berean, 2016ko urtarrilaren 7an galdu bagenuen ere, nire debuteko eguna ez zait sekula ahaztuko. Esperientzia hura nirekin eramango dut beti», gogoratzen zuen antolatzaile gernikarrak pasa den abenduan NAIZi eskainitako elkarrizketa baten.

Gero, duela zazpi urte, Amerikako Estatu Batuetara jo zuen ikastera, eta NCAAn ere lekua egin zuen Kalifornian, CBU unibertsitateko ikur bilakatu arte. Azken bi urteetan, berriz, kirol profesionalera egin du jauzi: Lugoko Duran Maquinaria Ensinon egin ditu. Iaz 4,4 puntu, 1,9 errebote eta 1,4 asistentzia lortu ditu bataz beste, nahiz eta partida solte bikainak laga, esaterako, Kutxabank Araskiren aurka Mendizorrotzan jokatu zuena, non 16 puntu –tartean lau hiruko– sartu zituen galiziarren denboraldiko aurreneko garaipena bermatzeko.

Etxera itzultzea betiere berezia dela aitortu du Olaetak. «Etxera itzultzeko gogo handia izan dut eta horregatik klubari oso eskertuta nago emandako aukeragatik. Duela zazpi urte joan nintzen Gernikatik eta orain bestelako esperientzia batekin itzuliko naiz», adierazi du.

Erritmo bizia

Lucas Fernandez entrenatzailea ere pozik agertu da Olaeta ostera ere elastiko granatearekin ikustearekin. «Erasoan asko eman ahal digu, erritmo bizia jarri dezakeen jokalaria da eta oso zuzena uztairako bidea hartzen duenean eta defentsan esku bizkorrak ditu, presio handia jartzen duen baloiarekiko eta asko lagundu dezake», adierazi du gernikarren entrenatzaileak.

Itziar Ariztimuñorekin batera, Euskal Herrian sortu eta hazitako joko antolatzaile parea izango du datorren denboraldian Lointek Gernika Bizkaiak. Akaso Olaetak pasa den denboraldian Laia Floresi falta izan zaion jarraitutasuna emango dio talde bizkaitarrari, Ariztimuñok defentsaren bidetik jokoari erritmoa aldatzen dion bitartean.

«Nire lehenengo begirada taldekidea aurkitzeko da eta gero pentsatzen dut saskira bota dezakedan», aipatzen zuen Olaetak NAIZi emandako elkarrizketan. California Baptist Lancers taldearekin unibertsitateko saskiratzaile eta asistentzia emaile onena izatea erdietsi zuen eta jokalariaren jaioterria ‘Gernika-Lumo, Basque Country’ NCAAn batera eta bestera barreiatu zuen. Horretan ahaleginduko da orain Lointek Gernika Bizkaia taldeko fitxaketa berria.