NAIZ

4.000 ikasle baino gehiagok hasi dute Unibersitatera Sartzeko Ebaluazioa Nafarroan

4.036 ikaslek astearte honetan hasi dute Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa Nafarroan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan asteazkenean hasiko dira eta 12.900 ikaslek egingo dute proba aurten. Pandemiarekin ezarri zen eredu malguaren azken urtea izatea aurreikusten da.

Unibertsitatera sartzeko proba iaz Iruñean.
Unibertsitatera sartzeko proba iaz Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ia 17.000 ikaslek Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa egingo dute astearte eta asteazkenean Hego Euskal Herrian. Nafarroan astearte honetan hasi dira eta iaz baino 215 ikasle gehiago dira, 4.036. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan asteazkenean hasiko dira azterketekin 12.900 ikasle.

Ostegunean bukatuko dute proba Nafarroan eta Ana Zabalza herrialde horretan probaren ardunaduna denak emandako datuen arabera, matrikulatutako ikasle guztietatik 2.377 emakumeak dira (%51), eta gainerako 1.659 gizonezkoak (%49).

Hizkuntzari dagokionez, 3.010 ikaslek gaztelaniaz egingo dute proba (%74) eta gainerako 1.026ek euskaraz (%26). Zifra horiek «egonkor» mantendu dira azken urteotan, Zabalzak adierazi duenez.

Aurtengo deialdiko berritasun nagusia da lehen aldiz ebaluatzen direla LOMLOEn jasotako Batxilergoko modalitateetako ikasgaiak; izan ere, 23 irakasgai izatetik 32ra igaro dira, eta, ondorioz, proben ordutegiak beste deialdi batzuetakoekin alderatuta egokitu behar izan dira.

Era berean, NUPek zuzentzaileen kopurua handitu du, hiru egun horietan zehar egingo diren 23.000 azterketak zuzentzeko. Horrela, 170 izango dira, iaz baino 14 gehiago.

Aurreko urteekin alderatuta, beste berritasun bat da ikasleek Espainiako Historiari edo Filosofiari buruzko azterketen artean aukeratu dezaketela, nahiz eta biak egin ahal dituzten aukerako faserako derrigorrezko fasean egingo ez dutena aukeratzen badute.

Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, asteazkenetik ostiralera

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan asteazkenean hasiko dira frogekin 12.922 ikasle, EHUk jakitera eman duenez. Hauei aurreko ikasturteetako 511 ikasle gehitu behar zaizkie, nota igotzeko irakasgai espezifikoetara aurkezpen direnak. Guztizkoa, 13.433, iazkoa baino %0,2 handiagoa da, orduan 13.401 ikasle matrikulatu baitziren. Unibertsitateak Lanbide Heziketako ikasleen igoera nabarmendu du, 815 izatetik 849 izatera pasatu direlako.

Asteazkenean hasi eta ostiralean amaituko dira azterketak. Sarbide fasean, Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura (asteazkenean 2024ko USE irekiko duen azterketa); Espainiako historia ala Filosofiaren historia (ikasleek bietatik bat aukeratu dezakete); Lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia egingo dute ikasleek.

Onarpen fasea borondatezkoa da. Ikasleak edozein irakasgai aukeratu ahal du Batxilergoko bigarren mailako enborreko aukerazko irakasgaien artean, gehienez, lau. Nota igotzeko ere balio ahal dute sarbide fasean egindako irakasgaietako batzuek.

Pandemiako ereduaren azken urtea

Aurtengo azterketak 2020an covidaren pandemiagatik ezarritako eredu malguarekin egingo dira, galderak konbinatzeko aukera ematen duena, bi azterketa ereduren artean aukeratu beharrean.

Ana Zabalza Nafarroako arduradunak azaldu duenez, eredu honen luzapenaren ondoren «bost urte daramatzagu, baina espero dute hau azkena izatea.