Garazi Murua Athleticeko kapitainak futbola utziko du denboraldi amaieran

Garazi Muruak (Getxo, 1995) San Mamesen jokatuko du bere ibilbideko azken dema, ekainaren 16an, hamarkada eta erdiko istorio zuri-gorriari amaiera emanez.

Garazi Muruak hamalau denboraldi eman ditu Lezaman, azken hamarrak lehen taldeak.
Garazi Muruak hamalau denboraldi eman ditu Lezaman, azken hamarrak lehen taldeak. (ATHLETIC CLUB)

Garazi Muruak futbola utziko du denboraldi amaieran. 29 urte besterik ez dituen arren, Athleticeko kapitainak bere ibilbideari amaiera ematea erabaki du. Eta ezin bereziagoa izango da, azken partida San Mamesen jokatuko baitu ekainaren 16ean; Ligako azken jardunaldian Athleticek eta Sevillak lehiatuko dutena, hain zuzen ere.

Muruak Bizkerren eman zizkion lehen ostikoak baloiari baina 15 urte besterik ez zituela heldu zen Lezamara, Athleticen filialean jokatzeko. Eta Estatu Batuetako East Tennessee State Universityn eman zuen denboraldia izan ezik, bertan egin du bere ibilbide osoa.

178 partida jokatu ditu lehen taldean eman dituen hamar denboraldietan, azkenak kapitain besokoarekin, Juanlu Fuentesen eskutik lehen taldean 2015ean debutatu ondoren. Hurrengo denboraldia izan zuen bere ibilbideko onena, Athleticek ospatu duen Ligako azken tituluan eragin zuzena izan baitzuen, partida guztiak jokatu zituen. Maila gorenean mantendu zen hurrengo denboraldietan baina denbora pasa ahala belaunaldi berrien lehiakortasunarekin borrokatu behar izan du eta, are okerrago, azken aldian arazo fisikoak izan ditu aurkari nagusi. Hernia diskal batek, 2023an ebakuntza-gelara eraman zuen eta partida bakar bat jokatzea eragotzi zion urte eta erdiz. Pasa den urtarrilean alta jaso zuen baina orandik ez du minuturik izan.

«Kalean, eskolan, herriko taldean, garai batean neska eta emakumeentzat pentsaezina zen horrekin egiten nuen amets, bizi bizi. Gure aintzindariek zabaldu zizkiguten ateak, oztopoak gorabehera. Segiduan ikusi nuen gure errealitatea oso bestelakoa izango zela baina etxeko taldean Lehen mailan jokatzea posible zela sinetsia nuen beste batzuek erakutsi zizkidatelako bidea», esan du Muruak, Athleticen sare sozialen bidez zabaldutako bideoan.

«Nire ametsik ederrenetan ere ez nuen imajinatuko bizi izan dudana. 14 urtez Athleticen, 10 denboraldi Lehen mailan, Txapeldunen Liga jokatzean, Liga titulo bat irabaztea. Hemen hasi eta hezi naiz, garaipenak ospatu ditugu eta une gogorretan negar egin dugu», gaineratu du. «Zorionekoa ni ibilbide honetan zehar ian ditudan bidelagun paregabeengatik. Egiari zor, badaka xarma berezi bat gizarte aldaketa sakon baten parte izateak, emakumeen eta berdintasunaren aldeko borroka zelaitik kanpo bultzatzeak, bai guk bai ondorengo belaunaldiek kirol parekideago batez, gozatzeko. Aitortza berezia merezi dute, zentzu honetan gure zaleek beraien babesik gabe emakumezkoen kirolaren bilakaera ez baitzen posible izango», azpimarratu du.

«Nire futbol ibilbide profesionala hemen bukatzen da, beste emakume gazte kementsuek hartuaz nere lekukoa. Sinistu ametsetan, izan gobernaezina. Botak ez dira eskegiten, oinordetu egiten dira. Ni harezko marraren bestaldean, harmailean izango duzue bidelagun, jendartean», amaitu du.