NAIZ

Gidoia bete eta 2016tik lehen aldiz interes-tasak jaitsi ditu EBZk, %4,25era arte

Zortzi urtean lehen aldiz interes-tasak jaitsi diren arren, Christine Lagarde EBZko presidenteak ez du egin nahi izan haien balizko bilakaerari buruzko aurreikuspenik, eta ohartarazi du bidea «oztopoz beteta» egongo dela eta datozen hilabeteak «zailak» izango direla oraindik.

Europako Banku Zentraleko presidentea, Christine Lagarde.
Europako Banku Zentraleko presidentea, Christine Lagarde. (Kirill KUDRYAVTSEV | AFP)

Azken hilabeteetan marrazten joan den gidoiari jarraiki, Europako Banku Zentralaren Gobernu Kontseiluak hiru interes-tasa ofizialak oinarrizko 25 puntutan jaistea erabaki du ostegun honetan. Ondorioz, finantzaketa-eragiketa nagusien interes-tasa %4,25ekoa izango da ekainaren 12tik aurrera. Beste bi tasak, kreditu-erraztasun marjinalarena eta gordailu-erraztasunarena, %4,5ekoa eta %3,75ekoa izango dira, hurrenez hurren.

Zortzi urte zeramatzan tasa nagusiak jaitsierarik gabe, 2016ko martxotik, eta gordailu-tasaren aurreneko beherapena izan da bost urtetan, 2019ko irailetik.

Azken lau bileretan, interes-tasak ukitu gabe utzi zituen erakundeak, baina 2023ko urrira arte, hamar aldiz jarraian igo zuen diruaren prezioa, 20 urte baino gehiagotan maila gorenera eramanez.

Europako Banku Zentralak egiaztatu duenez, 2023ko irailetik hona inflazioa 2,5 puntu baino gehiago jaitsi da, eta aurreikuspenak «nabarmen hobetu dira». Azpiko inflazioa ere (energia eta elikagaiak kontuan hartzen ez dituena) moteldu egin dela adierazi du, «eta horrek indartu egiten ditu inflazioaren presioak ahuldu egin direla adierazten duten seinaleak».

Aldi berean, erakundeak nabarmendu du «azken hiruhilekoetan egindako aurrerapenak gorabehera, barneko inflazio-presioak handiak izaten jarraitzen duela soldaten hazkunde handiaren ondorioz», eta, beraz, «litekeena» dela inflazioak helburuaren gainetik jarraitzea «datorren urtera arte».

Adituen ustez, inflazio orokorra, batez beste, %2,5ekoa izango da 2024an, %2,2koa 2025ean eta %1,9koa 2026an. Halaber, energia eta elikagaiak alde batera utzita, batez beste %2,8koa izango da 2024an, %2,2koa 2025ean eta %2,0koa 2026an. Hazkunde ekonomikoa %0,9 izango da 2024an, %1,4 2025ean eta %1,6 2026an.

Datuen araberako erabakiak

Ildo horretan, Christine Lagarde EBZko presidenteak argi utzi nahi izan du oraindik hilabete zailak falta direla, eta bidea «oztopoz beteta» egongo dela; beraz, ez du tasen garapenaren inguruko aurreikuspenik egin. Dena datuen araberakoa izango dela adierazi du.

«Datuak eta datu gehiago beharko ditugu, baita datu horien analisia ere, etengabe baieztatzeko desinflazio bide honetan gaudela», azaldu du.

«Badakigu zer norabide hartzen ari garen. Badakigu zer metodologia aplikatuko dugun (...), baina oso zalantzazkoa da zein abiaduratan bidaiatzen ari garen eta zenbat denbora beharko dugun», ohartarazi du Lagardek.