Palestinaren alde eta Europako Batasunaren zein NATOren kontra eginiko kanpaldia amaituta, manifestazioa egin du Donostian EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. Europako hauteskundeen ataraian, abstentziora deitzeko ere baliatu dute mobilizazioa.
Ildo horretan, nabarmendu dute EB eta NATO «langileon poltsikoetatik» finantzatzen ari direla gerra, eta horra bideratutako dirua «hezkuntzara edo osasungintzara bideratzeari uzten zaion berdina da».
Haien esanetan, hori da «Europar Batasunaren programa» eta bozetan «sortzen diren gehiengoak edozein direla ere, berdin-berdin ezarriko dute». «Dena lotuta daukate –gaineratu dute–, eta hauteskunde hauek aurpegi zuriketarako eta aipaturiko bide-orria legitimatzeko ariketa bat baino ez dira».
EHKS-ren aburuz, sozialdemokrazia da «programa horren sustatzaile nagusietako bat» Europan, eta ezin zaizkio «faxismoari ateak itxi Europar Batasuneko hauteskundeetan botoa emateko». Hala esan dute bozeramailek, abstentziorako deia eginez: «Hauteskunde kanpainetako itxurakeria guztia aparte utzita, azken hamarkadetan gobernu sozialdemokratak izan dira lehenengoak neurri neoliberalak ezartzen, murrizketak egiten, langileon aurkako errepresioa gauzatzen edo berrarmatzeari babesa ematen».
Horregatik guztiagatik, aderazi dute «Mugimendu Sozialistak ez duela igande honetako aurpegi zuriketan parte hartuko».