Kolpeak eta txikizioak, bai eta Arraun Lagunak eta Bermeo Urdaibaren nagusitasuna ere. Halaxe deskribatu daiteke igande honetan jokatu den Euskadiko txapelketa. Arraun denboraldia itzuli da eta zaleentzat, estropada zirraragarria eskaini du; arraunlariek gogotik sufritu behar izan duten bitartean.
Erlojuaren kontra jokatu da azkenean baina ez da emoziorik falta izan, itsasoaren indarra nola kudeatzen zuten ikustean. Momentu ikusgarriak utzi ditu, gogoangarriak. Itsasoaren indarraz jabetzeko, nahikoa da bi arraun txikitu dituela esatea. Gizonezkoen lehen txandan, olatu indartsu batek sekulako kolpea eman dio Ondarroako aurrekalariari eta arrauna hautsi zaio. Donostiarrako aurrekalariari, aldiz, une estrategikoenean apurtu zaio arraun txikia: ziaboga egitera zihoanean. Arrauna txikitu eta trainerua ezin gidatuta ikusi dira donostiarrak, berriro atzera egin eta ziaboga ahal izan duten moduan hartu behar izan dutela.
Segundu dezente galdu ditu Donostiarrak eta esan daiteke, eragina izan duela bere bukaerako emaitzean. Eragina izan zezakeen baina hala eta guztiz ere garaipena eskuratu duena Arraun Lagunak izan da. EiTBri eskainitako adierazpenetan, Andrea Astudillo patroiak zehaztu du bat ez, bi arraun puskatu zaizkiela.
Telebistako irudietan, aldiz, irudi ikonikoena Xubane Uribarrenarena izan da. Hankako arraunlaria saiatu da arrauna gobernatzen baina azkenean ezin izan du eta txikitu egin zaio. Bi aldiz pentsatu gabe, arraun egiten egongo bailitzan moduan jarraitu du, bere taldekideei laguntzeko, tostartekoen erritmoa ez desorekatzeko.
Bukaerako bere erreakzioa ere ikustekoa izan da. Oso haserre bukatu du estropada, irabazi egin dutela jabetu den arte.
Ez da lehen aldia horrelako irudia ikusten dela. 2019an, Euskotren ligako estropada batean, Orioko Sandra Piñeirok ere arraunean jarraitu zuen, erramua galdu arren. Orduko hartan, toleta hautsi zitzaion traineruari eta arraunak ihes egin zion. Galiziarrak ere ez zuen zalantzarik egin arraunean jarraitzeko. Keinua bere horretan oso entzutetsua bilakatu zen, arraunean dagoen elkarlanaren islada izan baitzen. Igande honetakoa ere ez da atzean geratzen.
Irudi beldurgarri zein ikusgarriak
Arraun zale eta kirolari askok txalotu dute arraunlariek gaur egin duten esfortzua. 2017ko Kontxako Banderan ere antzeko egoera gertatu zen –baliteke orduko itsasoa are zakarragoa izatea– eta arriskua eta ikuskizunaren arteko oreka non zegoen eztabaida ere mahai gainean jarri zen.
Dena dela, zalantzarik ez da horrelako irudiak txundigarriak direla, izan arraun zale edo ez. Halaxe erakutsi dute X sare sozialeko (lehen Twitter zena) zenbait erabiltzailek.
— Ander Izagirre (@anderiza) June 9, 2024
Euskadiko traineru txapelketa. pic.twitter.com/2d2n1ijSbD
SHOW #EuskadikoTraineruTxapelketa
— Iñaki Aristi (@InakiAristi) June 9, 2024
"El mar está un poco movido"
— Unai Yus (@UnaiYus) June 9, 2024
Los remeros vascos
"Agarrame el kubata" https://t.co/wccTxeLnrK