Azken urtean Hego Euskal Herrian etxebizitza partekatu zuten herritarrek soldataren %21 baino gehiago erabili behar izan zuten logelaren alokairua ordaintzeko, Fotocasa higiezinen atariak eta Infojobs enplegu-plataformak emandako datuen arabera.
Txostenaren arabera, espainiar Estatuan, 2023an, logelen alokairuaren prezioa %5,9 garestitu zen, hilean 466 euroraino. Bestalde, Estatuko batez besteko soldata gordina, Infojobsek jaso duenez, 26.245 eurokoa izan zen iaz (hilean 2.187 euro gordin hamabi ordainsaritan).
EAEren kasuan, alokatzeko gela baten batez besteko prezioa 483 eurokoa izan zen, eta batez besteko soldata 27.431 eurokoa (2.286 euro gordin hilean, 12 ordainsaritan). Nafarroan, logelak 474 euroan alokatu ziren batez beste, eta soldatak 26.471 euro gordinekoak izan ziren urtean (hilean 2.206 euro gordin hamabi ordainsaritan).
Hortaz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek soldataren %21 erabiltzen dute logela baten alokairua ordaintzeko, Nafarroakoek baino puntu bat gutxiago.
Horrela, Fotocasako bozeramaile Maria Matosek baieztatu du etxebizitza partekatu baten «ordainketari aurre egiteko egiten duten soldata-ahalegina gero eta handiagoa» dela. Ildo horretan, gaineratu du datuek erakusten duela «etxebizitza partekatzea dela alokairua eskuratzeko formula bakarra». Izan ere, erakunde ofizialek gomendatzen dute alokairura gehienez ere diru-sarreren %30 bideratzea.
Matosen arabera, prezioen bilakaerak aditzera ematen du «laster etxebizitza partekatu batean gela bat alokatzeak aukera bideragarri izateari utziko diola herritarrentzat». Gogorarazi du «etxebizitza oso bat alokatzeak soldataren %43 eskatzen duela» eta, ondorioz, «duela zazpi urtetik gutxienez aukera eskuragarria izateari utzi diola».