Irati Etxarrik (Iruñea, 1998/07/26) Lointek Gernika Bizkaian jokatuko du 2024/2025 denboraldian. Nafarra Uni Gironatik dator eta taldearen laugarren fitxaketa da hurrengo sasoirako, hau da, Lointek Gernika Bizkaiak zazpi jokalari ditu 2024/2025 denboraldirako: Itziar Ariztimuño, Kendra Chery, Marta Alberdi, Laura Westerik, Ane Olaeta, Maya Dodson eta, azkena iritsi dena, Irati Etxarri.
Azken urteetan lesio larriak izan arren, Etxarri Emakumezkoen Endesa Ligako etorkizun oparoena izan dezakeen jokalaririk onenetarikoa dela erakutsi du. Araskiren eskutik debutatu zuen lehen mailan, baina bere mailarik onena CADI La Seun erakutsi zuen. 2021/2022 denboraldian txapelketako Espainiako jokalaririk onenaren saria jaso zuen eta bosteko onenean ere sartu zuten batez beste 13,9 puntu eta 8,2 errebote lortu eta gero.
Zenbaki horiek lortuta, Uni Gironak fitxatu zuen, baina bertan lesioengatik ezin izan du bere mailarik onena erakutsi. Azken denboraldian liga erregularreko bederatzi partida jokatu ditu eta 3,9 puntu eta 2,9 errebote eskuratu ditu batez beste. Horrez gain, Espainiako Selekzioarekin aritu da gaztetatik eta 2021ean hautatu zuten lehen aldiz lehen talderako eta Israel eta Esloveniako Eurobasketerako sailkatzeko kanporaketak jokatu zituen.
Behin Gernikarekin fitxatu ostean, «gogo asko» dituela adierazi du Etxarrik. «Orain arte, fitxaketa iragarri arte, klubaren aldetik maitasun eta elkartasun handia jaso dut. Benetako talde bat eraiki nahi dugu, jokalari bakoitza berea sentitzen duen talde indartsu bat. Nik ere nire mailarik onena erakutsi nahi dut», azpimarratu du iruindarrak.
Hain zuzen ere, Lucas Fernandezek nabarmendu du Lointek Gernika Bizkaiak lehiakortasun aldetik «lehen mailako» jokalari bat fitxatu duela: «Egonkortasun handia eman dezakeen jokalaria da, bai egunerokotasuneko lanean zein lehiaketan, eta gainera, kantxako bi aldeetan. Seguru gaude taldeko gainontzeko jokalariak asko lagunduko dituela».
Niyak Becker IDK Euskotrenera iritsiko da
Bestalde, IDK Euskotrenek 23 urteko eta 1,88 metroko altuera duen Niyah Becker kanadiarra fitxatu du datorren denboraldirako. Ala-pibotak Utahko Unibertsitatean jokatu zuen 2018tik 2021ra bitartean, eta ondoren Wake Forresteko Unibertsitatean aritu zen 2022 eta 2023an.
Iaz bere lehen esperientzia izan zuen Europan, Celje taldean, Esloveniako talderik handienetariko batean alegia. Batez beste 14,2 puntu sartu, 6,5 errebote eskuratu eta 2,6 baloi berreskuratu zituen. Gainera, bi puntuko portzentaia ona lortu zuen (%52,6) eta baita hirukoan ere (%37,1).
Kanadako selekzioarekin ere aritu da beheko mailetan eta udara honetan Pariseko Olinpiar Jokoak jokatuko dituen selekzio absolutuarekin arituko da kontzentratuta.
«IDK Euskotrene jokalari gaztea fitxatu du, baina nazioartean esperientzia eta fisikoa duena. Honek barruko jokoan errotazioak ahalbidetuko ditu, intimidazioa eta kanpoko saskiratzeak eskuratuz»«, adierazi du talde donostiarrak.